Piratak, festaren eta kaiaren jabe
Guztira, 2.400 parte-hartzailek eta 300 baltsek abordatu zuten atzo Donostia, Aste Nagusi Pirataren ekitaldi arrakastatsuan, eta festa eta umore ona nagusitu ziren.
Bero ikaragarria, uretara jauzi egiteko aproposa, eta festa giroa nagusitu ziren atzo arratsaldean Donostian. 2.400 pirata inguruk itsasoaz gozatu eta hiria abordatu zuten, kai herrikoien alde euren ekarpena egin eta ondo pasatzeko asmoz. Bozgorailuetatik musika entzuten zen bitartean, 300 baltsa inguruk uretan itxaron zuten, Aste Nagusiko ekitaldi arrakastatsuenetako bati hasiera emateko.
Motxila 21 taldeak eskainitako kontzertuak sortu zuen festa giroa bazkalostean, Flamenkara gerturatu zirenen gozamenerako eta ekimen nagusiari ongietorria emateko. Jendea hurbildu ahala, musika portu guztian zehar zabaldu zen, eta 16.30ak aldera, jada ikuslez beteta zegoen ingurua, baita Urgulleko bideak ere. Parte hartu behar zuten 2.400 piratak ere zai zeuden, ea noiz utziko zieten euren baltsetara igo-tzen. "Uretara korrika sartu baino lehen, gure baltsa non dagoen ikustera etorri gara, egindako lana eta gero, ez baitugu hain azkar galdu nahi", azaldu zuen Irina Etxaniz pasaitarrak. Urtero parte hartzen du lagunekin eta iaz "jende gehiegi" zegoela iruditu bazitzaion ere, aurten berriro ekin zion Abordatzeari, "baina lasaiago".
Asier, Aitor, Aimar eta Andonik bigarren aldiz parte hartu zuten ekitaldi honetan eta aurrekoan baina prestatuago etorri ziren. "Lehengo urtean gure baltsa mugitzeko arazoak izan genituen eta beste ba-tzuekin elkartu ginen; aurten kuadrilla handiagoa gara eta paleak eta gurpilak erabili ditugu", azaldu zuen Aimarrek. Aurten, beste inoren laguntzarik gabe Kontxara iritsiko zirela ziurtatu zuen.
Itziar Aldasororen eta Ekhine Diazen kasua kontrakoa zen: "Ia urtero atera dugu gure baltsa, festa herrikoien eta parte-hartzaileen aldekoak gara", azaldu zuen Aldasorok. Euren ustetan, piraten ekimenak eta Abordatzea hasi arte, Donostiako Aste Nagusiari "zerbait" falta zitzaion. "Inguruko herrietako eta auzoetako festetara joaten ginenean, gazteen ekimenek daukaten indarra nabaritzen genuen eta hemen, gazteentzat parrandaz gain, ekimen gutxi zeudela iruditzen zitzaigun", gaineratu zuen. Horregatik, Abordatzean izena ematen dute urtero eta beste hainbat ekitalditan ere ateratzen dira. "Piraten indarrak jarrai dezala", azpimarratu zuen Diazek.
"Itsasoaz gozatu" 17.00ak izateko ordu laurden falta zenean, uretan sartu eta euren baltsara joateko baimena eman zieten piratei. Euren baltsa galduko zuten beldurrez edo, gazte guztiak korrika abiatu ziren, besteen lanen gainetik pasa eta euren lekura iritsi nahian. Bostetan, Ezkila kapitaina agertu zen, Aingura kofradiakoa jasangarritasunari garrantzi berezia ematen dion taldea, eta Abordatzeari hasiera eman zion. "Hirian, itsasoari lotutako kultura dago eta bertan ospatuko dugu festa", azaldu zuen. Esan zuenez, "azkenaldian, itsasoaz gozatu eta bizi beharrean, hari begira egotea nahi dute". Itsasoaz gozatzera gonbidatu zituen parte-hartzaile guztiak. Hasierako txupinazoaren ondoren, Mundu berri baten mapa piraten abestiarekin dantza egiten zuten bitartean, itsaso barean aurrera egin zuten piratek.
Ez zuten denbora asko behar izan lehenengoek Kontxara iristeko eta bertan festa giroan animatu zituzten ikusleek, parranda bukatzeko asko falta zela gogoraraziz.