Bandera beltzak... eta koloretsuak
Yateak zeuden atzo portuaren alde batean eta, bestean, ehunka baltsa, bandera beltzak airean. Goizean goizetik hartu zuten piratek Donostiako kaia eta gogor egin zuten lan arratsaldeko abordatzea prestatzeko.
"What are they doing?" Uda osoan bezala, ehunka edo milaka turista pasa ziren atzo goizean portutik. Eta begiak zabal-zabalik geratu ziren asko, kaia eta uretara jaisteko arrapala ontzigintza fabrika bihurtuta ikustean. Paleak, globoak, neumatikoak, banbuak, poltsak, flotadoreak... eta ehunka pertsona txalupak eraikitzen han eta hemen.
Abordatzea 17.00etan hasi bazen ere, goizeko 8.00etarako hasi ziren lehen korsarioak lanean Donostiako Piratek antolatutako txanden arabera. Goiz esnatu behar izan zutenak ere umoretsu zeuden eta konfidantzaz beterik, Kontxara iritsiko zirela baietz eta baietz.
Goiz osoan zehar jarraitu zuten lanean piratazaleek, musika lagun. Baltsa sinpleak egin zituzten ba-tzuek, benetako ingenieritza lana beste batzuek. Dora exploradoraren globo bat, hawaiar erako jan-tziak, errepidean erabiltzen diren piboteak, supermerkatuko karritoak... Korsarioek begi bat tapatuta edukiko dute, baina irudimena ez zaie falta.
Beibar kuadrillako neskek zaborra jasotzeko palak erabili zituzten arraun moduan. Bergararrak eta eibartarrak ziren eta Donostiara heldu baziren ere, zaila ikusten zuten Kontxaraino iristea. Baltsa modu sinplean egin zuten: paleak, ez hondoratzeko bidoiak eta listo.
"Gauza handirik ezin genuen egin horrekin", aitortu zuen baita ere Amara Berriko Petximotxoak taldeko beste gazte batek. Haientzat ere estreineko abordatzea izan zen atzokoa eta Kontxarako bidean "ez itotzearekin" nahikoa zutela onartu zuten.
Miranda's kuadrillakoek eskarmentua bazuten urte batzuren ondoren eta orain arte urtero hondartzara iristea lortu zutela eta atzo ere bidean geratzeko asmorik ez zuten. Aurten Alemanian dagoen lagun batek huts egin duenez, haren izenarekin bataiatu zuten tripulazioa eta Miranda izenarekin bandera berdea ere jarri zioten baltsari. Eta konpentsatzeko edo, Gasteizko pirata berri bat ere fitxatu zuten. Badaezpada, uretara salto egin baino lehen selfie bat atera (makila eta guzti) eta lagunari bidali zioten. Piratek mugarik ez omen daukate.
Innobatu nahian paleak eta poltsak utzi eta banbu hutsarekin sortu zuen baltsa Donostiako beste talde batek, hondoratzeko beldurrik gabe.
Profesionalak Baltsa-eskoba
"Gu ez gara inoiz hondoratu eta urtero iritsi gara Kontxara; azkenak, hori bai", aitortu zuten Donostiako Alde Zaharra-Orereta taldekoek: hamahiru urteren ondoren profesionalen modura ari ziren atzo baltsa muntatzen, aurreko urtean erabilitako pale eta poltsa berdinekin. "Puskatu zitzaizkigun bi poltsa bakarrik aldatu ditugu, torlojuak ere aurreko urteetakoak dira", aipatu zuten. Birziklatzeaz gain, torlojuak babesteko kortxoekin ari ziren atzo probak egiten. "Iaz proposatu nien bi pisuko baltsa bat egitea, baina ez zidaten utzi", onartu zuen kide batek, eta aurreko urteotan ondo funtzionatu zuenez, sistema bera erabili zuten atzo ere: paleak eta ez hondoratzeko poltsa handiak, besterik ez. 18 lagun igo ziren hasieran gainera, baina esperientziak frogatu die 28 ere sartzen direla, horregatik bidean erortzen den bat eta beste hartzen dute beti: "Batzuk hartu, beste batzuk bota..." Izan ere, poliki-poliki ateratzen dira beti, presarik gabe, "baltsa-eskobaren antzera".
Batzuk eta besteak lanean ari ziren bitartean enbata ere etorri zela zirudien, baina 11.00ak inguruan botatako euri zaparradak ez zituen korsarioak kikildu eta hodeiak uxatuta eta eguzkia lagun, ontzigintzan jarraitu zuten piratek eta piratazaleek. Lanak bukatuta, baltsak uretan utzi eta bazkaltzera joan ziren, Motxila 21 taldekoek giroa berotzen jarraitu zuten bitartean. Indarrak berreskuratuta, koloretako kamisetek, bandera beltzek, flotadoreek, algarak eta garrasiek bete zuten berriro portuko arrapala. Guztien artean norberaren baltsa topatu eta goizeko lanaren emaitza frogatzeko ordua heldu zen. Abordatzera!