Udalak esku pilotako hainbat ekimen hartu ditu azkenaldian. Hala, bertako pilota eskolari babesa emateaz gain, hainbat txapelketa ekarri ditu herrira. Ostiralean Aspe enpresaren lau t'erdiko San Fermin txapelketako lehen partidak bertan jokatu ziren eta gaur Euskal Herriko binakako Elite txapelketako lehen partidak jokatuko dira. Partida guztiak Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko dira. Txapelketa hau bertan jokatu da azken urteetan.

Euskal Herriko binakako Elite txapelketa ostiralean aurkeztu zuten Antioko interpretazio zentroan. Aurkezpen ekitaldian, Go-tzon Enbil, Euskadiko Federazioko lehendakariak; Aitor Erauskin, Euskadiko Federazioko zuzendari teknikoak; eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten.

Jokatuko duten pilotarien zerrenda, txapelketaren egutegia eta txapelketari dagozkion xehetasun guztiak aurkeztu zituzten. Lehenengo partidak gaur jokatuko dira. Hilaren 19an eta 26an ere partidak jokatuko dira. Finalak, berriz, uztailaren 3an izango dira: Santa Isabel jaietan. Jaialdi guztiak 11.00etan hasiko dira, azkena ezik. Finala 11.30ean hasiko da.

Aurten, lehenengo aldiz, emakumeen partaidetza izango du txapelketak. Guztira, hamar bikotek hartuko dute parte. Emakumezkoen txapelketan, Arrizabalaga-Mendizabal, Garai-Oses, Etxegarai-Gaminde eta Barrocal-Agirre izango dira bikote parte hartzaileak.

Gizonezkoen txapelketan, berriz, Aurrekoetxea-Alduntzin, Azketa-Garmendia, Exposito-Aizpuru, Yoldi-Elizegi, Labaka-Irazustabarrena eta Alberdi-Cecilio bikoteak izango dira parte hartzaileak.

Gaur goizean lau partida jokatuko dira Beloki pilotalekuan: Azketak eta Garmendiak, Exposito eta Aizpururen aurka jokatuko dute; Arrizabalagak eta Mendizabalek, Garai eta Osesen aurka; Labakak eta Irazustabarrenak, Alberdi eta Cecilioren aurka; eta Etxegaraik eta Gamindek, Barrocal eta Agirreren aurka. l