- Udal eraikinek dituzten beharrak aztertu ondoren, Azpeitiko Udalak herriko kiroldegiaren egoera eta irisgarritasuna hobetzeko hainbat proiektu ditu eskuartean eta horietako bi martxan edo hastear daude.

Alde batetik, kirol ekipamenduko irisgarritasuna hobetzeko igogailua ezarriko du Udalak eta horretarako lanak abian dira jada. Lizitazio publikoa irabazi ondoren, Unebide obras y contratos enpresa ari da 153.814 euroko inbertsioa suposatuko duen proiektu hori gauzatzen. Lanak egiteko epea lau hilebetekoa dela kontuan izanda, igogailua irailaren hasierarako erabiltzeko moduan egongo dela aurreikusten da.

Udaletik azaldu dutenez, igogailua ezartzean, kiroldegiko hiru solairuetako (kantxa, solairu nagusia eta harmailak) irisgarritasuna bermatuko da.

Igogailua gaur egun eskailerak dauden eremuan egiten ari dira; "ahalik eta ondoen aprobetxatuz gunea"; eta harmailetako solairuan metalezko pasarela bat ere egingo dute "igogailutik pasabidea bermatzeko".

Egoitz Arruti, Kirol batzordeburuak, obrak ondo doazela azaldu du: "Eraikin zaharra da kiroldegikoa, eta pixkanaka hobekuntzak egiten ari gara. Hala, guretzat lehentasunezkoa izan da azpiegituraren irisgarritasuna hobetzea, azpeitiar guztientzako errazagoa izateko eraikinean ibiltzea".

Kiroldegia hobetzeko neurrien baitan, ekipamenduak dituen lau aldagelak eraberritzeko proiektua lizitatu du Udalak. Lan horien aurrekontua 215.536 eurokoa da eta Udalaren asmoa obrak "uda partean" egitea da.