arauzko Jolas enpresak aisialdirako ingurune dibertigarri eta osasungarriak eskaintzen ditu haur, gazte eta helduentzat. Horretarako, haur-parkeak, gimnasia-zirkuituak, zirkuitu bioosasungarriak eta adin guztietarako hiri-altzariak diseinatu, fabrikatu eta instalatzen ditu. Berrogei urtetik gorako ibilbidea duen enpresa honek 35 langile ditu eta Urola Kostako ingurunean aberastasun ekonomikoa eta gizarte-ongizatea sortzen ditu, euskal industria-sareko beste enpresa askorekin elkarlanean. Era berean, Estatuan ere eskaintzen ditu bere zerbitzuak, baita Frantzian, Portugalen eta Europako eta munduko hainbat herrialdetan ere.

80ko hamarkadan, Jolas enpresa aitzindaria izan zen Estatuan zurezko jolas-parkeen fabrikazioan, eta gaur egun plastiko %100 birziklatua eta birziklagarria erabiltzen duen lehena da. Proiektuaren oinarria da hiriko plastikozko ontzien hondakinei balioa ematea. Hondar horiek lehengai gisa gehitzen dituzte beren proiektu berritzaileetan, eta, hala, guztiz jasangarriak diren aisialdi atsegineko guneak ekodiseinatu, fabrikatu eta instalatu ahal izaten dituzte. Gainera, UNE EN 14006:2020 ekodiseinu-ziurtagiria dute eta egiturak UNE EN 1176-1:2018 arauaren arabera ziurtatutako produktuekin eraikitzen dituzte.

Ekonomia zirkularra DNAn

Ekonomia zirkularraren aldeko apustu hori Jolasen DNAan txertatu zen 2017. urtean, Hahn Kunstoffe enpresa ezagutu eta harekin elkarlanean hasi zirenean, hain zuzen ere. Zalantzarik gabe, ezinbesteko bazkidea izan da hain proiektu berritzaile eta iraunkorra gauzatzeko. Alemaniako enpresak Hanit markarekin merkaturatzen ditu bere produktuak. Plastikozko hondakinak birzikla-tzeaz arduratzen da, eta plastiko-profil bihur-tzen ditu, ondoren hiri-altzariak egiteko. "Gure haur-parkeak eta hiri-altzariak egiteko %100ean birziklatutako plastiko-profilak erabiltzen ditugu. Sormenezko berrerabilpenarekin (upcycling), hondar horiek produktu-ziurtagiria duten zabu, kulunka eta tobogandun egitura bihurtzen ditugu", azaltzen du Iñigo Isasti Jolas-eko zuzendari komertzialak.

Gaur arte, Urola Kostako enpresa honek plastikozko 432.000kg hondakin baino gehiago erabili ditu bere muntaietan, hala zabortegietan, erraustegietan edo naturan bota ez daitezen. Kopuru hori 1.000 edukiontzitan bildu dute gutxi gorabehera, hau da, urtean batez beste 33.000 herritarrek birziklatzen dutena adina. Ekonomia jasangarri eta zirkular hori da, Isastiren esanetan, enpresa guztien etorkizuna. "Guztiz beharrezkoa da enpresek eta gizarteak neurri eta ohitura jasangarriak hartzea".

Ingurumena errespetatzen duten materialak

Azpimarratu behar da horrelako materialak erabiltzeak ingurumenari ahalik eta kalte txikiena eragiten laguntzen duela, %100 birziklagarria dela, ez dituela lehengaiak eta baliabide naturalak ustiatzen eta berotegi-efektua ahalik eta gehien murrizteko balio duela; izan ere, zurik erabiltzen ez denez, zuhaitzek karbono dioxidoa xurgatzen jarraitzen dute. Bestalde, hezetasunak ez die eragiten eta bizitza luzea dute mantentze-lanik egin beharrik gabe.

Urtez urte, enpresa %40 baino gehiago hazten ari da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan teknologia berritzaile hori txertatzeko helburu sendoarekin lan egiten du, etorkizuneko haur-parkeak inguruko plastiko-hondakinak birziklatuz eraikitzeko. Gainera, bere egitura eta diseinuetarako erabiltzen duten lehengaia bertakoa izango da (KM0).

Produktu jasangarriak eta ingurumena zain-tzen laguntzen dutenak lantzearen aldeko apustu horren harira, Jolas enpresaren eguneroko lanean funtsezko faktoreak dira ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+b); izan ere, etengabe eguneratu behar dituzte hornikuntza-iturriak, adibidez. Horregatik, adimen lehiakorra eta, batez ere, zaintza teknologikoa oinarrizkoak dira etengabe berritzeko eta hobekuntza guztiak produktuetan islatu ahal izateko. Horrela, produktu guztiak etengabe hobetu eta kalitate-ziurtagiri guztiekin sor-tzen dituzte, indarrean dauden araudien arabera, betiere iraunkortasun- eta zirkulartasun-irizpideak errespetatuz.