ORIO - Orio Arraunketa Elkarteak hamalau apostolu horiyak aurkeztu zituen atzo Orioko elizako zimitarioan. “Oteizaren hamalau apostoluak hartu eta eskulturak egin ditu, Iñaki Arrillaga artistak”, azaldu zuen Xabier Sukia Orioko Arraun Elkarteko kideak. “Bakoi-tzak arraun bat darama eta hori aprobetxatzea pentsatu genuen izan ere, arraunean ere hamalau doaz traineruan”, gehitu zuen. Asmo horrekin, urte hauetan guztietan arraunean ibili diren hamalau emakume “eredugarri” hautatu dituzte.
“Jorge Oteiza herrikidea izan dut abiapuntu. Bere eskultura eta margoak sortu ditut, baina interpretazio berri batekin. Arraunlariak izango balira bezala irudikatu ditut Arantzazuko apostoluak”, adierazi zuen Arrillaga oriotar artistak.
Orioko Arraunketa Elkartearen datuen arabera, Orioko emakumeak 1986an hasi ziren arraunean eta geroztik gaur arte lortutakoa “sekulakoa” izan da. Aurten, esaterako, 20 bandera eta koroa bat irabazi dituzte, liga eta Kontxako bandera besteak beste. “Perspektiba berri bat hartu du emakumeen arraunak Orion. Gauza asko lehen aldiz gertatzen ari dira eta oraindik ere, pasako dira”, zioen Sukiak.
Egoera honi erantzun egoki bat eman nahian, Orioko Arraunketa Elkarteak emakumeek egindako ibilbide luzeari balioa eman nahi izan dio orain. Hala, aukeratutako hamalaukoa, neskek arraunean egindako ibilbidearen ordezkaria da. “Ez da pertsona bakoitzari egiten zaioen omenaldi pertsonal bat, bakoitzaren atzean eta ondoan egondako guztientzat da aipamen berezi hau”, argitu zuen Sukiak.
HAMALAU APOSTOLUEN EGUTEGIA Ekimena aurkeztearekin batera, apostoluen argazkia atera zuten atzo arraunlariek eta Arraunketa Elkarteak jakinarazi zuenez, 2020ko egutegia aterako dute. Horko irudia izango da hamalaukoa: Ainhoa Gozategi, Agurtzane Astigarraga, Leire Alustiza, Marijo Salsamendi, Maite Lazkano, Sara Peña, Kristina Korta, Naiara Campos, Jaione Goikoetxea, Eder Etxeberria, Itziar Olasagasti, Garazi Oliden, Nadeth Agirre eta Rosa Atorrasagasti, izango dira ordezkariak.
Horiek guztiak bizipen eta etapa ezberdinak bizi izan dituzte: Gozategi, Astigarraga eta Alustiza “lehen estropada horien testigu dira”. Horiek ekarri zituzten emakumeen lehen dominak etxera. Su horrek jarraipena izan zuen eta orduan etorri ziren Salsamendi, Lazkano, Peña, Korta, Campos, Goikoetxea eta Etxeberria. Seniorretan munduko txapelketan finala jokatzera iritsi ziren hauek eta Espainiako txapelketak ere irabazi zituzten. Belaunaldi berria sartu zen ondoren eta lehen aldiz nesken trainerua martxan jarri zenean 2010ean, han zeuden: Olasagasti, Oliden eta Agirre. Usadioak ez du atseden hartuko Orion, belaunaldi berriak ere “gogor” baidatoz. Horren ordezkari izan zen Atorrasagasti.
ikus-entzunezkoa Horrez gain, datorren urtean Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, Orio Arraunketa Elkarteak ikus-entzunezko bat egiteko asmoa duela iragarri zuen atzo. Arrauna eta emakumeak izango ditu ardatz, baina oraindik ez dute ezer zehaztu. Aurrerago emango dute proiektu honen berri. Argi dute, ordea, oraingoan “Orioko emakume arraunari guztien ahotsak” bilduko dituztela. Tartean kontakizun bitxiak ere izango dira.