donostia - Altzako Harri Berri ikastetxeko jolastokian estaldura jartzeko lanak hilabetez luzatuko dira oraindik. Berez, hiru hilabeteko iraupena izan behar zuten eta urriaren 5erako bukatuta egon behar zuten, baina lanen arduradunek luzapena eskatu diote Udalari azaroaren 6raino. Udal Gobernuak luzapenari baiezkoa emango dio printzipioz datorren astearteko bileran baina, horrekin batera, ia 5.000 euroko isuna jarriko dio enpresari, atzerapena haren ardura dela uste baitu. Enpresak alegazioak aurkezteko aukera dauka.
Jolastokia estaltzeko lanak uztailaren hasieran abiatu zituzten eta ikasturte hasieran hainbat arazo sortu zituzten ikasle, irakasle eta gurasoen-tzat. Nagusia jangelari zegokion, lanak zirela eta bazkaltzeko aretoan ate bakarra utzi baitzuten erabilgarri eta segurtasun neurriek hala eskatuta, bakarrik 50 haurrentzako lekua zegoen. Hala, aukera zuten gurasoek uko egin behar izan zioten zerbitzuari bigarren atea zabaldu eta Haur Hezkuntzako ikasle guztiei bazkaltzen eman ahal izan arte.
Obrak direla eta gaztetxoek gelatik jangelaraino egin behar zuten bidea luzeegia zela ere kexu ziren gurasoak. Teknikariekin bilera egin zuten duela bi aste arazoen inguruan jarduteko.