Villabona - Herriko argi guztiak aldatzeko proiektua onartzearekin batera, EAJk eta PSE-EEk Amasa-Villabonako Udala “hamar urterako ekonomikoki baldintzatu” dutela uste du EH Bilduk.

Ez ohiko azken osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak energia horniketa eta mantenurako 1,5 milioi euro inguruko gastua. “Ia 150.000 euro ordaindu beharko ditu Udalak urtero. Urte bateko aurrekontuan inbertsioetarako izaten duen dirua 400.000 euro ingurukoa izaten da eta inbertsiorik handiena 100.000 euroren bueltan egoten da”, azaldu dute EH Bilduko kideek.

Herriko argiteriaren egoera ezagutzeko helburuz udaberrian kontratatu zen enpresak egin duen auditoriaren emaitzetan oinarritu da udal gobernua. Energia kontsumo eta argi-kutsadura handia sor-tzen duten zaharkitutako farola ugari dago herrian eta, ondorioz, beharrezkoa da farola hauetako argiak led teknologiadun kontsumo baxuko eta argi-kutsadura askoz gutxiago sortzen duten argiengatik aldatzea. “Hori ez du inork zalantzan jartzen eta eginbeharra dela defendatzen dugu, baina arrazionalena da modu gradualean egitea, argiteria modernizatzeko prozesu bat garatzea”, uste du EH Bilduk. Gainera, ez dute begi onez ikusten alkateak dekretuz aukeratutako enpresa pribatu bati ematea proiektuaren pleguak. “Baldintzak Udalak jarri beharrean, enpresa pribatu batek jarri ditu. PNV-PSOE estiloaren adibide bikaina”, salatu dute. - M.S.S.