Martxan da Alegiako festetako kartel eta logotipo lehiaketa
Maiatzaren 19a bitarte aurkeztu ahal izango dira lanak eta herritarrek aukeratuko dituzte sarituak
Alegia - Alegiako Udaleko Festa ba-tzordea uztailean ospatuko diren herriko jaien prestaketa lanetan murgilduta dabil. Azken urteetan egin den moduan, aurten ere kartel eta logotipo lehiaketa antolatu da eta lanak aurkezteko epea zabalik da datorren maiatzaren 19ra bitartean. Ohi bezala, kartel irabazlea festetako egitarauaren azala izango da eta logotiporik onena berriz, festetako kamiseta eta bestelako argitalpenetan erabiliko da.
Hamabi urtetik gorako edozein alegiarrek edo herriarekin loturaren bat duen edonork hartu ahal izango du parte. Aurkezten diren lan guztiek derrigorrez Alegiako festak 2018 testua izan beharko dute jai horien ezaugarri, irudi edo lemaren bat ere izan beharko dute. Pertsona bakoi-tzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Lanak Alegiako kultur etxean aurkeztu behar dira.
Zehaztapen teknikoen inguruan, kartelerako diren lanak A3 neurrian aurkeztu behar dira eta logotipoak 21x21 neurrian. Teknika librea izango da; hau da, eskuz, akuarelaz edo nahi den moduan egin litezke irudiak eta baita modu digitalean ere. Azken kasu honetan, JPG formatuan aurkeztu beharko da eta gutxienez 300 pbpiko bereizmenarekin. Koloretan izan beharko dute, logoaren kasuan gehienez lau kolore eta beste inon aurkeztu gabeak.
Sariei dagokienez, herritarrak izango dira bozka bidez lehiaketako irabazleak aukeratuko dituztenak. Maila bakoitzeko irabazleak 150 euroko diru saria izango du. Lehiaketaren oinarriak osorik Alegiako Udalaren webgunean kontsultatu daitezke. Informazio gehiago mahi duenak Alegiako kultur etxera jo edo 943 654 698 telefono zenbakira deitu beharko du. - M.S.S.