mutriku - Mutrikuarrek eta Mutriku herriak protagonismo handia izango dute ETB-k datozen hilabeteotan eskainiko duen Eskamak kentzen telesail berrian. Izan ere, Euskal Telebistak Mutrikun eta mutrikuarren partaidetzarekin grabatu ditu telesail horren hainbat zati.
Udaletik aurreratu dutenez, Eskamak kentzen telesailaren lehenengo kapituluaren aurrestrenaldia Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da datorren asteazkenean, 19.30ean eta programa aurrera eramateko lanean aritu diren aktore, zuzendari eta arduradunen partaidetzarekin.
Hori horrela izanda, ETB-k telesailaren aurkezpena zuzenean ikustera joateko autobusa antolatu du Mutrikutik.
Autobusa 18.00etan aterako da Goiko paradatik eta itzulera, berriz, saioa amaitzerakoan egingo da. Hori dela eta, Eskamak kentzen telesailaren estreinaldira joateko asmoa duten mutrikuarrek datorren larunbatera arte eman dezakete izena herriko Turismo bulegoan, 10.00etatik 14.00etara bitartean (ostiralean eta larunbatean 16.00etatik 18.00etara bitartean ere).
Autobusean joan gabe, bere kabuz joan nahi duenak ere aurrestrenaldirako sarrerak eska ditzake aurrez Turismo bulegoan.
Mutrikuko Udalak herritarrak animatu nahi ditu telesailaren aurkezpenera joateko. - J.L.