Síguenos en redes sociales:

436 judoka bilduko dira Jostaldi pilotalekuan

Frantzia, Portugal, Andorra eta Espainiko kirolariak izango ditu bihar XXIV. Ama Guadalupekoa Txapelketak

hondarribia - Biharko egun osoan, 9.00etan hasi eta arratsera arte, espainiar estatu osoko, Frantziako, Portugalgo eta Andorrako 500 kirolari inguruk jokatuko dute XXIV. Ama Guadalupekoa Judo Txapelketa, Jostaldi pilotalekuan.

Txapelketa Hondarribiko Ama Guadalupekoa Judo Klubak antolatuko du, Gipuzkoako eta Euskadiko Judo Federazioekin batera eta Hondarribiko Udalaren laguntzarekin, eta beste behin, kadete mailako Espainiko Superkoparako baliagarria ere izango da.

Zehazki, txapelketa honetarako 291 gizonezkok eta 145 emakumezko judokak eman dute izena, eta haiekin batera Jostaldin izango dira 118 entrenatzaile.

Larunbatean lehiatu ondoren, igande goiza entrenamendua egiteko aprobetxatuko dute guztiek.

gonbidapena Asteartean egin zuten txapelketaren aurkezpena Ama Guadalupekoa klubeko Ronaldo Veitiak eta Juan Luis Silanes Hondarribiko Udaleko Kiroletako zinegotziak, Gipuzkoa eta Euskadiko Judo Federazioetako ordezkariekin batera.

Antolatzaile eta babesleek “gonbidapena” luzatu zieten hondarribiarrei, bihar Jostaldin izango den “maila oso oneko kirol ikuskizunaz gozatzera joateko”. - X.S.