Villabona - Herriaren goilara liburua aurkeztuko dute abenduaren 17an Berdura plazan. Villabonarekin eta billabontarrekin zerikusia duten errezeta liburu bat baino gehiago dela diote eta 17a bitarte giroa berotzeko asmoz, Argazki Rally Gastronomikoa martxan jarri dute. Sare sozialetan gastronomiarekin zerikusia duten argazkiak partekatzera animatu dituzte herritarrak.
Javi Rivero eta Eneko Amondarain Basque Culinary Center-eko ikasle billabonatarren ekimenez sortu da Herriaren goilara egitasmoa. Hainbat herritarrek beren sukaldeak zabaldu dituzte, errezeta gogokoenak, istorio eta pasadizoak kontatzeko. Asko dira liburuaren protagonistak: garai bateko sukaldariak, oraingoak, amonak, elkarteetako saltseroak eta ezagunak diren taberna eta jatetxeetako arduradunak.
Argazki Rallyari dagokionez, argazkiei herriaren izena eta urtea jarri behar zaizkie. Ezinbestekoa izango da gastronomiarekin zerikusia izatea eta azalpenak onartuko dira. Argazkia herriarengoilara@gmail helbidera bidali behar dira edo Facebook eta Instagram-en partekatu “herriarengoilara” etiketarekin. - M.S.S.