Astigarraga - Astigarragako EH Bilduk Donostia pasealekuan, Ibai-Lur parean, Hernaniko noranzkoan geltoki berri bat eskatu du. Oposizioko taldearen aburuz, orain da unea hori egoki-tzeko. Horrela egingo ez balitz, Goiko Plaza eta Murgialdeko bizilagunak geltokirik gabe denboraldi batean gera daitezkeela argudiatu du.

EH Bilduk gogorazi duenez, Tranbia ibilbidearen erdialdean, autobus geltokia aurreikusi zen aurreko legegintzaldian, Urumea Berri eta Arrobitxuloko auzoei zerbitzu hobeagoa eskaintzeko. Horrekin batera, Hernanirako noranzkoan Ibai-Lur jatetxearen parean beste bat kokatzea aurreikusten zen. “Badirudi, Udalaren nahia geltokia gaur egun dagoen horretan mantentzea dela, promotorearen salmenta bulegoaren parean, bi geltokiak oso metro gutxitan utziaz”, adierazi dute.

“Ez dakigu Aldundiak begi onez ikusiko duen bi geltoki hain gertu izatea edo agian geltoki bat kentzea proposa dezakeen”, gaineratu dute. Horregatik, “ziurgabetasuna ekiditeko eta behin betiko soluzioan urratsak emateko”, biribilgune berria egin bitartean, Ibai-Lur parean autobus geltokia egokitzea eskatu dute.

Azaldu dutenez, gaur egungo geltokia biribilgune berriak okupatu behar duen eremuan dago kokatuta eta beraz, obrak hasiko direnean, lekuz aldatu beharko da. “Soluzioa erraza dela uste dugu: autobusa errepidean bertan geldi daiteke eta Udalak, bidaiariak hartu eta uzteko plataforma bat egin beharko luke”, azaldu dute.- A.M.