zumaia - San Telmo jaiak gaur hasi eta bi asteburuz luzatuko dira. San Pedro Txiki eta Txikienak abesba-tzekin hasiko dira festak 18.00etan Kofradian. Bertan txokolate jana izango dute eta ondoren kalejiran arituko dira kantuan. Gauean (22.30), berriz, bertsolarien saioa izango da. Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Jon Maia eta Fredi Paia arituko dira Aita Mari aretoko oholtza gainean bertsotan. Unai Manterolak egingo ditu gai-jartzaile lanak. Txosnetan ere izango da zerekin gozatu DJ gauarekin: Suaia eta Lahaine, Patrol Destroyers, DJ Matta.
Bihar txupinazoa izango da eta igandean danborraden eguna ospatuko dute. Jakintza Berri Elkarteak antolatzen du haur danborrada eta aurten ere argazki lehiaketa izango da parte hartu nahi duen ororen-tzat. Gaztetxoen danborradan ateratako irudiak apirilaren 12tik 19ra aurkeztu beharko dira jakintzaberri@hotmail.com helbidera bidaliz. Gehienez ere hiru argazki aurkeztu ditzake bakoitzak. - A.L.