Síguenos en redes sociales:

Euskara... Bulebarrera

euskararen egunaren harira atzo zabaldu zituen ateak bulebarreko mintzodromoak

Euskara... BulebarreraR. Plaza

"NI urduri nago, ez dut oso ondo hitz egiten", aitortu zuen Hernaniko Montsek. Baina, egia esan, ondo moldatu zen euskaraz, eta gustura aritu zen atzo arratsaldean Bulebarrean jarritako mintzodromoan, batzuekin eta besteekin solasean.

Goizean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleen txanda izan zen, eta arratsaldean helduena (gaur eta bihar ere hala banatuko dituzte saioak). Mintzodromoa larunbatean izango den Euskararen Egunaren harira antolatu dute, beste behin ere, Bagera elkarteak eta Donostiako Euskara Patronatuak. Lehen aldia da, dena den, lau egunetan zehar zabaltzen dutela. Eta lehena, baita ere, ikastetxetako ikasleak Bulebarreko karpara gerturatzen direla.

Lehen egunaren balantzea ezinhobea izan zen. Goizean, ehun ikasletik gora izan ziren mintzapraktika egiten 9.00etatik 13.00etara; arratsaldeko saio bakoitzean (17.00etatik 19.00etara), 60 bat lagun. Horien artean, euskaltegien bitartez bertaratutakoak eta, baita ere, karparen aurretik pasa, mintzodromoa ikusi eta sartzea erabaki zutenak zeuden.

Mikrotik hiru gai aurkeztu zituzten saioa abiatzeko. Mugikortasuna, teknologia berriak eta herritarrentzako zerbitzuak. Hortik aurrera, lauko taldeetan mahai baten inguruan bildutakoak solasean hasi ziren. Mahai gehienetan, euskaldun zahar bat eta euskara ikasten ari ziren hiru lagun elkartu ziren: zaharrak, gazteak, gizonak, emakumeak, Donostiakoak, herri girokoak...

"Jendea ezagutzen duzu eta ondo pasatzen duzu. Bigarren aldia da mintzodromoan aritzen naizela, Bagerarekin", aitortu zuen Maribi euskaldun zaharrak. Eva eta Teresa donostiarrak zituen alboan, euskaltegiko ikaslea lehena eta Irale programakoa, bigarrena.

sentipenen txokoa

Hamabost minutuko txandak

Hamabost minutu pasa ondoren, mikrotik dei egin zieten taldez alda-tzeko eta solaskide gehiago ezagu-tzeko: ordubete saioa lau zatitan banatzen dute. Bitartean, hori bai, kafea eta pastak banatu zizkieten Bagerakoek.

"Gazteen eta helduen txanda desberdindu nahi izan ditugu, eta proposatzen dizkiegun gaiak ere desberdinak dira", azaldu zuen Aitziber Gurutzeaga Bagerako kideak, alde batetik bestera taldeak osa-tzen ari zen bitartean.

Bulebarreko karparen alde batean, gainera, Sentipenen txokoa jarri dute: koloretako post-itetan mintzodromoari buruz bakoi-tzak nahi duena idazteko aukera dauka, eta mezuak jartzeko bi pareta jarri dituzte. Arratsalderako, jada, ia beteta zeuden goizean izandako ikasleek utzitako mezuekin.

hitanoa ere bai

Larunbatean saio berezia

Atzokoa lehen saioa izan zen baina mintzodromoak gaur eta bihar ere ateak zabalduko ditu. Ostiral arratsaldeko saioan, dena den, solasaldi berezia izango da 18.00etan: "Hitanoa lantzeko mintzapraktika prestatu dugu", azaldu zuen Guru-tzeagak.

Eta larunbateko saioa ere berezia izango da. 100 bat pertsonaia ezagun gerturatuko dira mintzapraktika egitera, 11.30ean.