Denboraldia nahiko gorabeheratsua izan bada ere, Natalia Arroyo baikor agertu da txapelketa amaitzeko falta den azken txanpa honi begira, eta taldea itxura ona eskaintzeko prest ikusten omen du. “Lehiaketarik gabeko aste hauetan oso lan polita egin du taldeak. Lanari balioa eman nahi izan diote jokalariek, eta aste honetan antzeman egiten zen partida badatorrela. Taldea ilusioz gainezka ikusten dut, borrokatzen jarrai-tzeko gertu”, adierazi zuen.

Selekzioen nazioarteko konpromisoek behartutako etenaldiaren ondoren, asteburu honetan itzuliko da emakumezkoen liga, eta Realak Atletico Madrilen aurkako norgehiagoka interesgarri eta, aldi berean, zaila izango du larunbatean Zubietan. Talde koltxoneroa laugarren da sailkapenean, talde txuri-urdinak baino hamar puntu gehiagorekin; gipuzkoarrak zortzigarren postuan daude, eta behin Europako postuetarako lehiatik kanpo geratu ondoren sailkapenean gora egitea dute helburu.

Atleticoren aurka euren potentziala erakusteko gogotsu ikusten dituela aitortu zuen Realeko entrenatzaileak: “Erronka polita da guretzat, eta ziurrenik Kopako partidaren oso antzekoa izango da. Atletico oso talde bizia da atzera-egiteko jardunean, eta eroso sentitzen dira atzean uzkurtu eta kontraerasora ateratzen. Korrika egiteko aukera izaten dutenean oso ahaltsuak dira. Gainera, sailkapenean dagoen posizioak erreaktiboago ere bihur lezake”.

Jokatu ezinean Min hartuta daudelako larunbateko partidarako agian prest egongo ez diren jokalari zenbaiten gaitzak ere azaldu zituen Natalia Arroyok. Maddi Torre eta Adriana Nanclares sukarrak jota daude, eta Alejandra Bernabek min hartu du orkatilan entrenatzen ari zela, eta ez da jokatzeko moduan izango.