Euskoskills txapelketa irabazi zenuen orain dela hilabete batzuk, urriak 19tik 21era jokatu zen txapelketan. Nolakoa da txapelketa hau?

Lanbide Heziketa mailan egiten den txapelketa bat da eta estetikaz aparte beste modalitate pilo bat daude: ileapaindegia, soldadura, mekatronika... Nire ikastetxean hautaketa proba batzuk egin ziren eta nire burua aurkeztea erabaki nuen. Nire arloan sei plaza bakarrik zeuden eta bi proba gainditu behar ziren Euskoskillsera joateko.

Zenbat proba egin ziren Euskoskillsen?

Lau proba. Iruneko Ficoban egin zen eta hor bi egun eman genituen proba guztiak egin ahal izateko. Aurpegiko tratamendua eta gorputzeko tratamendua izan genuen lehenengo egunean. Bigarren egunean, aldiz, azkazal artifizialetako proba eta makillajea. Lehiaketa horietan ni garaile atera nintzen eta, horregatik, 2022ko Spainskillsera, Espainiako txapelketara, bidali ninduten. Euskoskills txapelketako garaile izanik Euskadi ordezkatzen nuen.

Espainiako txapelketa horretan, aurtengo martxoak 23tik 25era jokatu zena, hirugarren postua lortu zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia?

Orokorrean oso esperientzia ona izan zen, baina gorabeherak egon ziren prozesuan. Izan ere, lau hilabeteko prestakuntza izan nuen, baita presio handia ere. Hainbeste denbora prestatu eta gero, dena biribil ateratzea nahi duzu. Nire irakasleekin hitz egin nuen psikologikoki prest egoteko. Alde horretatik oso ondo prestatu nin-tzen. Gero, alde teknikoa landu behar nuen. Konfiantza neukan neure buruarekiko eta horrela iritsi nintzen lehiaketara: disfrutatzeko ideiarekin eta ahal nuen guztia ematera. Beraz, presioa alde batera uzten saiatu nintzen. Eta esan dezaket lortu nuela. Proba bakoitzean ondo pasatzeko aukera izan nuen. Partaide batzuk harritzen ziren ni hain erlaxatuta ikusteaz, baina nik esaten nien: 'Zertarako balio du alferrik presionatzea?' Probak ezagutzen nituen eta argi nuen zer egin behar nuen.

Nolakoak izan ziren Espainiako txapelketako probak?

Espainiako erkidego bakoitzak ordezkari bat eraman zezakeen eta guztira hamabost lehiakide aritu ginen. Madrileko Ifeman izan zen eta hiru egunetan zehar zazpi proba egin genituen. Euskoskillsekin alderatuta, egun bat eta hiru proba gehiago ziren. Lehenengo eguna aurpegi eta gorputzeko tratamendua egin genuen. Bigarren egunean, pedikura, depilazioa eta makillajea. Hirugarren egunean, betileen luzapena eta azkazalen berreraiketa. Zazpi probak pasa eta gero, hirugarren postua lortu nuen. Laugarrena oso gutxigatik gailendu nuen, baina pozik nago, podiumetik ez bainintzen jaitsi.

Berriro aurkeztuko duzu zure burua?

Euskoskillsera behin bakarrik aurkeztu zaitezke. Nire esperientzia ezin hobea izan da eta oso ondo pasa dut, gainera emaitza oso onak izan ditut, baina horrela dira arauak.

Nola egin duzu hain emaitza onak lor-tzeko? Nolabaiteko entrenamendua egiten duzu ala eskolan ematen duzunarekin nahikoa duzu?

Nire estudioan asko praktikatzen dut eta nire lanak Instagramen partekatzen ditut jendeak ikus dezan zertan nabilen. Orain proiektu pilotu batean nabil, Azpeitiko Xaxarki estetikan zentroan. Asteko hiru egunetan eskolak ditut eta beste bitan, praktikak. Astelehenetik asteazkenera, berriz, nire estudioan praktikatzen dut.

Nola hasi zinen manikura eta estetikaren munduan?

Estetika gradua ikasten hasi nintzenean, makillajea batik bat nuen gustuko. Sormen eta irudimen handia behar da eta hori guztia benetan interesgarria iruditu zait betidanik. Baina estetikaren mundua oso zabala da eta graduan manikura ezagutu dudanetik, nire arlo kutunena bihurtu da.

Badakizu zer egin nahi duzun Goi Maila bukatzerakoan?

Momentu honetan, praktikak egiten ari naiz Xaxarki estetika zentroan. Gustoko dut lan egitea estetika zentro batean. Nik lan egin nahi dut gogoko dudan leku batean eta nire arlokoa bada, hobeto.