EAEko Lanbide Heziketa etengabe hazten ari da. Ikasturte honetan 45.310 ikasle matrikulatu dira arlo desberdinetan, 2020-21 ikasturtean baino %3,10 gehiago. Horietatik, %55,31k zerbitzuei lotutako zikloak aukeratu dituzte, eta %44,69k ziklo industrialak. Lanbide heziketaren alderdirik nabarmenetako bat laneratze-tasa altua dela esango nuke. Horrek gero eta ikasle gehiago erakartzen ditu urtetik urtera. Bestalde, metodologiak eta ekipamenduak hobetzea, aniztasuna eta tituluak merkatura egokitzea, aukeratzeko orduan, eragina duten ezaugarriak ere badira. Espezializazioak, halaber, ikasle nerabeak eta jada graduatua dauden pertsonak erakartzen ditu, beren karrera profesionala gehiago zehaztu nahi baitute. Lanbide Heziketako ikastetxeek egiten ari garen lan izugarria ere igoera horren isla izan daitekeela uste dut. Izan ere, maila goreneko irakaskuntza eta zerbitzuak eskaintzen ditugu eta gizartea horretaz jabetzen ari da.

Aurreko etapetako ikasleekin lan egitea ere garrantzitsua da...

Ikaslan Gipuzkoan lan handia egiten ari gara DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako ikasleen orientazioan eta sentsibilizazioan. Orain arte 30 saio inguru egin dira hainbat ikastetxeetan eta 950 pertsona inguruk parte hartu dute, bai ikasleak, baita senideak ere. Bestalde, Lanbide Heziketa Garatzeko Europako Zentroaren (Cedefop) arabera, hemendik 2030era bitartean, Erdi-mailako kualifikazioak dituzten lanbide-profilak %65ean eskatuko dira, eta goi-mailako kualifikazioak dituzten lanbideak, berriz, %35ean. Horrek Lanbide Heziketaren garrantzia eta etorkizuneko bilakaera azpimarratzen ditu. Beraz, lanbide heziketak etorkizun oparoa duela eta aukera paregabea dela argi dago.

Emakumeen presentziari dagokionez, bide onetik goazela uste duzu?

Lanbide Heziketa aukeratzen duten emakumeen presentzia gero eta handiagoa da. Horrela, lehenengo mailetan matrikulatu diren emakumeen kopurua aurten %5,5 igo da. Gipuzkoan, lanbide-heziketako ikasleen %40 emakumeak dira. 2000. urtean arlo industrialean emakumeak %4a ziren eta urteetan egindako kontzientziazio lanari esker, pixkanaka datu horiek aldatzen joan dira. Gaur egun Arlo industrialetan emakumeen presentzia %13koa da, zerbitzuetako zikloetan berriz emakumeen ehunekoa da nagusi, %52,89a. Ondorioz, datuak, orokorrean aztertzen baditugu, emakumearen presentzia lanbide heziketan eboluzio positiboa duela esan daiteke.

Lanbide Heziketaren lege berria onartu berri da Espainian, zeinak 2002 urtekoa ordezkatuko duen. Zer ekarriko du lege berri honek?

Euskal Autonomia Erkidegoan badugu gure Lanbide Heziketaren lege propioa, non, gure produkzio-sareak planteatutako erronkei, modu fidagarrian aurre egiteko, bai eta enplegu-mota berrietarantz bideratzen dituzten joerei aurre egiteko tresnak ematen dizkigun. Egia da Estatuko lege berri honek lantzen ari ginen hainbat arlori lege-estaldura emango diela eta horregatik onuragarria izango dela uste dugu. Legeak ezartzen duen nobedade nabarmenetako bat prestakuntza guztia duala izatea da, hau da, prestakuntza eta enpresako praktikak txandakatzea. Zikloaren lehen hiruhilekotik aurrera, ikasleek prestakuntza praktikoa izango dute enpresan. Lanbide Heziketa dual berri honekin, 500 bat orduko praktikak aurreikusten dira bi ikasturteetan. Euskadin, legea indarrean jarri baino lehen, eredu hau frogatu nahi izan dugu eta, dagoeneko, legeak agintzen duen bezala, gure lehen mailako ikasleak enpresetan dabiltza. Dena den, orain arteko eta hain arrakastatsua den Euskadiko Formakuntza Dual eredua indarrean jarraituko du. Lege berrian azpimarratuko nukeen beste puntuetako bat hezkuntza-eskaintza osoaren integrazioa da. Lege berri honekin, eskaintza osoaren benetako integrazioa lortuko dela suposatzen da, beraz, pertsona guztiek, beren adina eta egoera edozein dela ere, modu errazean aurkitu ahal izango dute une bakoitzean dituzten premietara egokitutako prestakuntza. Azkenik, arau berriak LHko eta unibertsitateko irakaskuntzen arteko harremana arautuko du, bi sistemen artean eta bi noranzkoetan, "oztoporik gabe" ibiltzea ahalbidetuko duten ibilbideen diseinua erraztuz.

Lege berria idazteko orduan, Euskadiko eredua erreferente bat izan da.

Bai, hala da. Ez bakarrik Estatu mailan, Europan ere Euskadiko Lanbide Heziketa erreferente da. Europako Batzordeak EAEko Lanbide Heziketa aukeratu du Europan erreferente izateko, gure LHko sistemak pertsonei eta enpresei laguntzeko erakusten duen gaitasunagatik, gero eta konplexuagoa den mundu honetan aurrera egiteko. Betiere, bikaintasunean eta Lanbide Heziketako ikastetxeen eta eragile sozioekonomikoen arteko elkarlanean oinarrituta. Bestalde, Ikaslan Gipuzkoak Estatuko Legearen aurreproiektuaren prestaketan parte hartu du. Izan ere, Madrilen, legearen aurreproiektua prestatzen ari zirenean, Lanbide Heziketako Idazkaritza Nagusitik gurekin harremanetan jarri ziren hausnarketa-taldeetan parte hartzeko eta ekarpenak egiteko.

Aurrematrikula egiteko epea datorren maiatzaren 9an irekiko da. Zeintzuk izango dira datorren urtera begira egongo diren nobedade nagusiak?

Datorren ikasturterako Gipuzkoako Lanbide Heziketa publikoko hezkuntza eskaintza handiagoa izango da. Ikasturte honetan zi-klo berrien igoera nagusi izan bada, datorren ikasturtean espezializazioei arreta berezia emango zaie, enpresen beharrei egokitutakoak. Bost espezializazio berri eskainiko ditugu gure ikastetxeetan: Industria Mantentzearen Digitalizazioa, Adimen Artifiziala eta Big Data, 5G sareen implementazioa, Eraikinen informazioaren modelaketa, eta Trenbidetako Seinaleztapen eta telekomunikazio sistemak. Beraz, prestakuntza eskaintza hain zabala eta anitza izanik, lanbide heziketa aukera ezin hobea bihurtzen da.

Dualak gero eta pisu gehiago dauka. Zein dira formatu honen arrakastaren arrazoiak?

Lanbide Heziketa Dualean trebatzen diren ikasleek lortzen duten enplegarritasun maila oso altua da. EAEko LH dualeko tituludunen laneratzea %90 ingurukoa da. Enpresaren premietara, prozesuetara eta kulturara egokitutako langile kualifikatuak prestatzen ditu. Enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzen du, giza baliabideen kudeaketa hobetzen duen neurrian: enpresan sartzeko beharrezko diren gaitasun eta trebetasun pertsonal eta profesionalak dituen giza kapital bat izateko aukera ematen du.

Zeintzuk dira Lanbide Heziketaren etorkizuneko erronkak?

Lanbide Heziketan, oro har, eta ziklo industrialetan, bereziki, emakumearen kopurua igotzea, parekidetasun eta jasangarritasun politikak ezartzea, eraldaketa digitala bultza-tzea, aro digitalak sortutako errealitate aldakorrari, ezezagunari eta konplexuari aurre egiteko pertsonak gaitzea, lanbide heziketako ikastetxe adimendu eredua ezartzea eta konplexutasuna kudeatzeko eredu berria garatzea, besteak beste.