atozen hamarkadetako euskal hezkuntza sistemari buruzko hausnarketan murgilduta dabiltza ikastolak. Izan ere, Eusko Legebiltzarrak 2021eko urriaren 14an egindako osoko bilkuran erabaki zuen Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legea aldatzea eta etorkizuneko hezkuntza sistemaren oinarriak ezartzeko prozesuari ekitea. Lege berriaren atarian gauden honetan, zer nolako hezkuntza sistema nahi dugun zehazteko unea da beraz.

Gauzak horrela, Ikastolen Elkarteak euskal hezkuntza sistemak bere baitan jaso behar dituen oinarrien endekalogoa aurkeztu zuen joan den otsailean. Bihar izenpean, 111 ikastolek sinatutako dokumentuak hezkuntza sistemak izan beharreko 11 printzipio jasotzen ditu. Euskara eta euskal kultura ardatz izatea, Euskal Herria bere osotasunean lantzea, hezkidetzan oinarritzea, inklusiboa izatea eta ikastetxeei autonomia aitortzea dira, besteak beste, endekalogoak jasotzen dituenak.

Jose Luis Sukia, Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiaren hitzetan, dokumentuak helburu bikoitza du: "Batetik, Ikastolako komunitatea aktibatzea, barne eztabaida abiapuntu izanik, ikastola bakoitzean hausnarketa eginez; eta bestetik, gizartean eragitea gizarteko beste eragileekiko elkarrizketa sortuz".

'Gaurtik da bihar'

Nolako gizartea nahi dugu etorkizunean? Horixe da Ikastolen Elkarteak plazaratutako dokumentuaren abiapuntua. "Ugariak eta handiak dira gaur gure herriak dituen erronkak; eta horien artean bada bat, guretzat, oinarri-oinarrizkoa: hezkuntza. Ikastolok, gure komunitateak, gure lan eta jardueraren bidez, hezkun-tzak jokatzen duen papera aldarrikatzen dugu, herriaren zerbitzura dagoen tresna bezala, kontziente garelako gizarte baten hezurdura hezkuntzan eraikitzen dela. Hezkuntza da, besteak beste, herri baten izaera, ezaugarriak, baloreak... lantzeko tresna garrantzitsuenetako bat. Eta, Hezkuntzaz ari garenean, hizkuntzatik haratago doan zerbaiti buruz ari gara. Hezkun-tzaz ari garenean, "nolako gizartea nahi dugu etorkizunean?" galderari erantzuten ari gara. Eta, hor, esaten dugu, Europako hezkuntza esparruan Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa izateko eta arautzeko eskubidea behar duela. Euskal instituzioei, hezkuntza komunitateari eta herritarrei dagokie, soilik, hezkun-tzaren gaineko erabakiak hartzeko eskumena", dio endekalogoak hitzaurrean.

Adostasun historikoa

Bestalde, lege berriak ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarri dezan Euskaraz hezi, berdintasunean hazi izeneko adierazpena izenpetu dute Ikastolen Elkarteak, EHIGEk, Kristau Eskolak, HEIZEk, HikHasik, ELAk, LABek, Steilasek eta Kontseiluak. "Ikastoloi oso garrantzitsua iruditzen zaigu EAEko hezkuntza sistema arautuko duen legearen eztabaidaren prozesuan, hezkuntza komunitateko gehiengo zabalak, Kontseiluaren baitan, adostasun historikoa lortu izana gure hezkuntza sistemarentzat hain garrantzitsua den gai baten inguruan. Pozgarria ere bada adostasuna lortu izana urteetan aldarrikatzen aritu garen zenbait elementuren inguruan. Gure ustez, Eusko Legebiltzarrak, legea egiterakoan, kontuan hartu beharko luke dimentsio honetako adostasun historikoa. Ezinbestekoa da hizkuntz ereduak desagertzea eta ikasle guztiak euskaldun eleaniztunak izatea bermatuko duen murgiltze eredua ezartzea ikastetxe guztietan", azaldu du Ikastolen Elkarteak.

Izenpetutako dokumentuak dioenaren arabera, "berdintasun-printzipioari jarraiki, jatorriak, egoera sozioekonomikoak, egoera soziolinguistikoak edota bestelako irizpideek ezin dituzte baldintzatu ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak -ez hizkuntzaren arloan, ez eta beste ezagutza arloetan ere-. Aitzitik, herritarren arteko bereizkeria handia litzateke jatorria, eremu soziolinguistikoa, egoera soziala edo bestelako irizpideren bat baliatzea ikasleei euskara-gaitasun egokia eskuratzea ukatzeko. Beste gai edo esparruetan bezala, kasu honetan ere berdintasuna bermatzeko oinarrizko bidea izan behar du gutxien duenari gehiago ematea. Horregatik diogu, oinarrizko euskara-gaitasuna belaunaldi berri guztiei bermatuko dien eredu berri orokortua ezartzea dela aukerarik justuena eta berdinzaleena".

kastolen Elkarteak plazaratutako endekalogoak euskal hezkuntza sistemak bere baitan izan beharreko 11 printzipio zehazten ditu:

-Unibertsala: euskal herritar orori hezkuntza eskubidea bermatuko diona.

-Euskara eta euskal kultura ardatz dituena eta benetako murgiltze eredua gauzatuko duena.

-Euskal Curriculumetik eraikia.

-Euskal Herria bere osotasunean landuko duena, dagokion lurralde bakoi-tzeko errealitatea kontuan hartuz,

-Hezkidetzan oinarritua, pertsonen arteko berdintasuna sustatuz.

-Laikotasunean heziko duena.

-Ikasleak bere egiten dituen ezaugarrietatik pentsatua.

-Inkusiboa, Euskal Herrira etortzen direnen jatorrizko izaera errespetatuz, euskal herritar izateko baliabiadeak eskaintzen dituena.

-Gobernantza demokratikotik antolatua.

-Ikastetxeei autonomia aitortuko diena.

-Publiko-herritar eredutik sortua, publikotasun eredu berria eskainiko duena.