olako hiriak nahi ditugu? Horren inguruan hausnar-tzea du helburu Museum Cemento Rezolak abiatu duen Hiria pentsatu egitasmo berriak. Proiektuaren lehen fasean Amassorrain Ikastola, Axular Lizeoa, Altza Herri Eskola eta Zuhaizti Eskola Publikoko 6 eta 12 urte bitarteko 200 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte.

Cementos Rezola-Heidelberg Cement Groupen esku dagoen Museum Cemento Rezolak abiatu du ekimena, hirien eraldaketari eta etorkizunari buruz modu kolektiboan pentsatzera gonbidatzeko, jasangarritasunetik eta gizarte-hirigintzatik abiatuz.

Ikasleei zuzendutako lehen fase honetan, Nire auzoa mapeatzen. Haurrek eta haurrentzat pentsatutako hiria izenburupeko jardueraren bidez, ikasleak hiriak eraiki-tzeko lanean ahalduntzea bilatzen da. Ikasleek euren auzoei buruzko hausnarketa egitea da helburua, ikastetxera mugitzeko moduari, ibilbidean zehar igarotzen dituzten tokiei, gogoko guneei, usainei eta soinuei, autonomia gaitasunari, segurtasun-sentsazioari eta, azken batean, beren auzo idealaren deskribapenari buruzko galderei erantzunez.

Finean, auzoen elementu fisiko, kultural, ludiko, emozional, eraginkor eta ekologikoei buruzko gogoeta egitea izan da xedea.

Bizitokiaren azterketa egiteaz gain, ikasleek zementuzko piezak egiteko aukera izango dute, eta pieza guztiekin maketa kolektibo bat osatuko da zeinak etorkizuneko hiria irudikatuko duen.

Proiektu honen bitartez, Museum Cemento Rezolak "lan aktiboko espazio bat sortu du etorkizuneko hiria eraikitzeko, jasangarritasun eta garapen sozialaren klabeetatik". Izan ere, ikastetxeek ez ezik, kolektibo sozialek ere parte hartuko dute Hiria pentsatu ekimenean, hala nola Atzegik, Iza zentroak, Matia Fundazioak edo Elkartuk; Donostiako Unibertsitateak Arkitektura Eskolaren bidez; Añorgako bizilagunek; eta Donostiako Udalak, besteak beste.

Horrez gainera, Museum Cemento Rezolak erakusketa iraunkorra berritzeko prozesuaren azken txanpari ekingo dio, eta aurreikuspenak betetzen badira irailaren amaieran inauguratuko da.