Nora Amorena
ikaslan gipuzkoako presidentea

"Ikasleek inoiz baino eskaintza zabalagoa eta interesgarriagoa izango dute"

29.05.2021 | 01:05
"Ikasleek inoiz baino eskaintza zabalagoa eta interesgarriagoa izango dute"

"Ikastetxeetan egindako lan bikainari esker, eremu seguruak izatea lortu dugu"

Astelehenean irekiko da aurrematrikula egiteko epea. Zeintzuk izango dira aurtengo nobedade nagusiak?

Datorren ikasturterako Gipuzkoako Lanbide Heziketa publikoko hezkuntza eskaintza handiagoa izango da. Guztira hamaika ziklo berri izango ditugu: Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo berri bat, erdi mailako beste bat eta goi mailako bederatzi. Bestalde, ekoizpen-sisteman eta sortzen ari diren esparruetan ematen diren berrikuntzei aurre egiteko,2021/22 ikasturtean espezializazio kurtso berriak ere izango ditugu. Hazkunde handia izango dugu, bai ziklo kopuruan baita ziklo berrien txertaketan ere. Ikasleek datorren ikasturterako ikasketak aukera-tzeko garaian, inoiz baino eskaintza zabalagoa eta interesgarriagoa izango dute.

Lanbide Heziketaren alderdirik nabarmenetakoa da laneratze tasa altua duela eta horrek gero eta ikasle gehiago erakartzen ditu urtetik urtera. Pandemiaren ondorioz bizi dugun krisiaren ondoren, ikasle kopurua handituko dela uste duzu?

Zalantzarik gabe! Epe luzeko erresilientziari laguntzen dioten eraldaketa eta berrikuntza prozesuek pertsonen gaitasunen etengabeko bilakaera behar dute eta bilakaera horretan, Lanbide Heziketaren papera ezinbestekoa da. Krisi honen ondorioak larriak izan dira eta izango dira, eta arlo zehatz batzuetan oraindik larriagoak. Langabezia tasa altuak ditugu eta egoera horretan aurkitzen diren pertsonak, berriro, lan munduan txertatu nahi baditugu, gaitasun berriak eskuratzen lagundu behar diegu. Beraz, aurreko krisietan gertatu ohi den bezala, ikasle kopurua handituko dela argi daukagu.

Industria arloko familiak izan dira historikoki ikasle gehien hartu dituztenak, joera hori aldatzen ari dela uste duzu?

Azkeneko datuei erreparatzen badiegu, ikasleen %55,31a zerbitzuetako heziketa zikloetan ikasketak egitea aukeratu zuen eta %44,69a heziketa ziklo industrialetan; beraz, argi dago joera aldatzen ari dela. Egia da geroz eta heziketa eskaintza anitzago dagoela eta hori izan daitekela aldaketa horren arrazoia. Bestalde emakumearen presentzia Lanbide Heziketan igotzen ari da, egia da hauek aukeratzen dituzten zikloak normalean ez direla industrialak izaten.

Joerei buruz ari garela, lortuko dugu emakumeak Lanbide Heziketara erakartzea, tendentzia hori aldatzea?

Horretan gabiltza, joera hori aldatu nahian eta azken datuek hori islatzen dute. Egia da, arlo industrialean erronka ez dela batere erraza, baina pixkana-pixkanaka datu horiek aldatzen doaz ere. Azkeneko datuetan oinarritzen bagara, arlo industrialean emakumeen presentziak %12,3ko igoera izan du. Bestalde, zerbitzu arloko heziketa zikloetan, ikasleen % 52,89 emakumeak dira. Ondorioz, datuak, orokorrean aztertzen baditugu, emakumearen presentziak Lanbide Heziketan eboluzio positiboa duela esan daiteke.

Dualak gero eta pisu handiagoa du, uste duzu gorantz egiten jarraituko duela?

Egungo egoerarekin, aurtengo datuak ez dira oso esanguratsuak izango, baino azken urteotan izan duen eboluzioa ikusita, joera datorren urteetan oso positiboa izango dela uste dugu. Hala eta guztiz ere, hazkundeaz gain, alderdi kualitatiboari ere garrantzia eman behar zaio, izan ere, curriculumarekin bat datozen ikasketa emaitzak lortzen dituela ziurtatzeko, prozesuaren jarraipena ondo egitea ezinbestekoa da. Azken finean, honek ere dualari balio erantsia ematen dio.

Zeintzuk dira dualaren abantailak?

Batetik, Lanbide Heziketa dualean trebatzen diren ikasleek lortzen duten enplegarritasun maila oso altua da. EAEko LH dualeko tituludunen laneratzea %90 ingurukoa da. Bestalde, enpresaren premietara, prozesuetara eta kulturara egokitutako langile kualifikatuak prestatzen ditu. Ildo horretatik, enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzen du, giza baliabideen kudeaketa hobetzen duen neurrian: enpresan sartzeko beharrezko diren gaitasun eta trebetasun pertsonal eta profesionalak dituen giza kapital bat izateko aukera ematen du. Horrez gainera, prestakuntza praktikoa ahalbidetzen du, eta enpresaren parte-hartze aktiboa prestakuntzarako jardueren diseinuan; beraz, pertsona bat enpresaren premien, prozesuen eta kulturaren arabera prestatzeko aukera eskaintzen du.

Nola aurreikusten duzue hurrengo ikasturtea? Dirudienez, pandemiaren garairik latzena pasa da...

Ba egia esatea nahi baduzu, ikasturte honetako esperientzia ikusi eta gero lasaiago gaude. Pasa den irailean, ikasturteari hasiera eman genionean, ez genuen pentsatu hala izango zenik. Hasi eta, berehala, etxeratuko gintuztela pentsatzen genuen eta guztiz kontrakoa izan da; ikastetxeetan izandako kasu positiboen portzentaia oso baxua izan da eta intzidentzia tasa oraindik baxuagoa. Ikastetxeetan egindako lan bikainari esker, ikastetxeak eremu seguruak izatea lortu dugu eta datorren ikasturtean ere horrela izaten jarraituko dute. Horretarako, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aginduta, datorren ikasturterako kontingentzi planak berrikusten eta eguneratzen gabiltza.

Zer ikasi dugu pandemia honetatik?

Gertatutakoak gauza asko erakutsi dizkigu: ikastetxeen eta hezkuntza sistemaren indarguneak eta ahulguneak, arlo pedagogikoan zein sozialean, aldaketen abiadura... Horretatik guztitik ikasi behar dugu, eta gure burua etorkizunera begira jarri. Pandemiak goitik behera aldatu du lan egiteko modua, goizetik gauera. Oso denbora gutxian erreakzionatu behar izan dugu ikasleen ikasketa prozesuak etenik izan ez zezan. Denon arteko hartu-emana, koordinazioa eta elkarlana gakoak izan dira guzti hau aurrera ateratzeko.

Goranzko eboluzioa izan du Lanbide Heziketak. Zeintzuk dira bere etorkizuneko erronkak?

Emakumeen presentzia areagotzea eta parekidetasuna lantzea, eraldaketa digitala bultza-tzea, jasangarritasuna lantzea, aro digitalak sortutako errealitate aldakorrari, ezezagunari eta konplexuari aurre egiteko pertsonak gaitzea, lanbide heziketako ikastetxe adimendu eredua ezarri eta konplexutasuna kudeatzeko eredu berria garatzea, besteak beste.

noticias de noticiasdegipuzkoa