- Euskal Autonomia Erkidegoak BPGren %0,33ko superabita izan du urteko lehen bi hilabeteetan, 254 milioi euro guztira. Zifra hori iazko aldi berekoa baino hamar aldiz handiagoa da, 23 milioi eurokoa (BPGren %0,03). Ogasun Ministerioak atzo argitaratutako datuen arabera, Euskadik ez ezik, beste bederatzi autonomiak ere superabita izan dute aldi horretan: Andaluziak, Aragoik, Asturiasek, Kanariar Uharteak, Kantabriak, Gaztela eta Leonek, Galiziak, Nafarroak eta Errioxak.

Oro har, autonomia-erkidegoek nabarmen murriztu dute euren defizita, %77,3, BPGren %0,03 suposatzen duen 331 milioitan, hein handi batean baita diru-sarreren martxa onari esker ere. Gizarte Segurantzari dagokionez, defizita 1.130 milioitan kokatu zen otsailean, %8,8 txikiagoa eta BPGren %0,09an, gizarte-prestazioen gastuak behera egin zuelako.

Bestalde, Espainiako administrazio publikoek - herri mailakoak alde batera utzita - 11.741 milioiko defizita metatu zuten urteko lehen bi hilabeteetan, 2021eko aldi berean baino %39,3 txikiagoa eta BPGren %0,9aren baliokidea. Defizitaren zuzenketa hori diru-sarreren %9,4ko igoera handiari eta gastuen %1,8ko murrizketari esker lortu ahal izan da. Behin finantza-erakundeentzako laguntzen eragina baztertuta, defizita 11.439 milioitan kokatu da, 2021ean baino %40,8 txikiagoa eta BPGren %0,88aren baliokidea. Administrazio guztien zerga-bilketa nabarmen hazi da bi hilabete horietan, %16,4, 35.385 milioikoa izateraino; gastuetan, berriz, azpimarratzekoa da gizarte-prestazioen murrizketa. Defizit gehiena, ohikoa denez, administrazio zentralean kontzentratzen da, 10.280 milioi guztira.