Familien aurrezpena ia 100.000 milioi euro hazi da

Pandemiaren eta hartutako murrizketen ondorio da, horiek sortutako ziurgabetasunaren eraginez

30.08.2021 | 00:25

dOnostia Familiek Espainiako bankuetan duten aurrezkiek 100.000 milioi eurotan egin dute gora koronabirusaren pandemia lehertu zenetik. Horren arrazoiak, gaixotasunari eusteko eta hedapena ekiditeko ezarritako murrizketak dira, sortutako ziurgabetasunaren aurrean jendeak zuhurrago jokatu baitu.

Espainiako Bankuaren azken estatistikaren arabera, estatuko etxeek zituzten aurrezkiak 942.800 milioi eurokoak ziren uztailaren amaieran; 2020ko otsailean, koronabirusaren pandemia agertu aurretik, aldiz, 851.900 milioi ziren.

Datu horrek erakusten duenez, familien aurrezpena %10,7 hazi da ordutik hona, zehazki 90.900 milioi euro. Izan ere, kopuru hori hilabetez hilabete handitu baita, oporraldiko gastu handieneko aroarekin bat etorri zen 2020ko abuztuko 400 milioiko jaitsiera salbuetsita.

Aurrezkiaren bilakaera hori, etxeetako kontsumoaren jaitsiera errentek jasandakoa baino handiagoa izateak eragin du; laguntza publikoak, neurri batean, pandemiaren kalteak arintzeko baliagarri izan direlako.

Era berean, azpimarratzekoa da, etxeetako kontsumoaren jaitsiera hori, batetik, borondatezko aldagai batek eragin duela: alegia, jendeak aurrezkia handitzeko erabakia hartu duela, osasun krisiak sortutako ziurgabetasunaren aurrean. Bestetik, nahitaezko osagai bat ere badago: izan ere, birusaren hedapenaren aurrean pertsonen mugikortasunari eta hainbat jarduerei murrizketak ezarri baitzaizkie.

Espainiako Bankuak bere azken hiruhileko txostenean aurreikusten duenez, gaixotasunaren aurrean orain arte ezarritako neurriak ken-tzearekin batera, nahitaezko aurrezki hori gutxitu egingo omen da, eta ziurgabetasuna uxatu ahala, borondatezkoa ere txikitzea aurreikusten dute.

Egoera normaltzen den heinean, erakundearen iritziz, aurrezki-tasak murrizketa konstantea jasango omen du datozen urteetan.

noticias de noticiasdegipuzkoa