- Azti euskal zentro teknologikoko biologoek Bioman kanpaina berri bat hasi dute Bizkaiko Golkoko antxoaren biomasa ebaluatzeko. Emma Bardan eta Vizconde de Eza ontzi ozeanografikoetan itsasoratu dira eta bertan ariko dira lanean hurrengo asteetan, maiatzaren amaierara arte hain zuzen. Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batzordearen babesarekin eta Espainiako gobernuaren laguntzarekin egindako kanpaina da.

Bioman kanpaina zientifikoaren helburua da Bizkaiko golkoan udaberria amaitzean dagoen antxoa helduen populazioa ebaluatzea, arrautzen eguneko ekoizpen-metodoa (MPHD) aplikatuz. Horrezaz gainera, hainbat azterlan eta laginketa egingo dituzte antxoaren ugalketa-eremu osoan. AZTI aintzindaria da arlo honetan. Izan ere, duela 35 urte hasi zen Bizkaiko Golkoko antxoaren biomasa neurtzen, itsas baliabide honek euskal baxurako flotarentzat duen garrantzia kontutan izanda.

Urtero udaberrian egiten den kanpaina hau, udazkenean egiten den beste batekin osatzen da, Juvena ikerketarekin hain zuzen ere. Kanpaina horretan, AZTIko teknikoek antxoa gazteen ugaritasuna eta banaketa espaziala aztertzen dute eta haien biziraupenari eragiten dioten egoera eta ingurumen-faktoreak ere. Bi kanpaina horiek (Bioman eta Juvena) oinarrizko zutabeak dira antxoaren nazioarteko kalkulua egiteko. Ebaluazio hori Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES) egiten du. Lortutako emaitzak kontuan hartuko dira antxoaren stockaren kudeaketara eta horren arabera ezarriko du Europar Batasunak hurrengo urterako harrapaketa muga.

Azken urteetan Bioman kanpainaren emaitzak positiboak izan dira oso. Aurreko urtean egindako ikerketaren arabera, Bizkaiko golkoko antxoaren behin-behineko biomasa 190.000 tona ingurukoa izan zen, 1987an hasitako serie historikoaren bigarren kopururik handiena. Azterketaren emaitzek berretsi egin zuten stockaren egoera ona. Izan ere, espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gutxieneko balio gomendagarria 21.000 tonakoa da. Duela bi urte, inoizko daturik onenak eman zituen Biomanek eta antxoaren biomasa 225.000 tonakoa zela kalkulatu zuten biologoek.

Beste alde batetik, aurreko urteko urrian egindako Juvena ikerketaren arabera, Bizkaiko Golkoko uretan bizi ziren urtebetetik beherako antxoen populazioa 114.000 tona ingurukoa zen. Zenbatutako kopurua maila osasuntsuan mantentzen da.