- Antxoaren arrantzaldia suspertu egin da azken egunetan. Lehenengo astean arrain gaztea baino ez zuten aurkitu arrantzaleek itsasoan eta haren prezioa makala izan zen enkantean. Azken egunetan, berriz, antxoa handiagoa arrantzatu dute eta ondorioz arrainaren kotizazioak ere gorakada izan du. Kiloko 28-30 aleko bokarta harrapatu zuten hiru ontzik azken arrantzaldian Asturiasko uretan eta 6,40 eurotan saldu zen kiloa Getariako kofradian.

Horretaz gain, 32-40 aleko arrain ugari porturatu dute ontziek azken astean eta prezioa eurotik gorakoa izan da kasu gehienetan. Gauzak horrela, kostera hasieran eratutako antxoa kudeatzeko batzordeak ontzi bakoitzak eguneko harrapa dezakeen kopurua handitzea erabaki du, arrain handiak txikiak baino irteera gehiago izan ditzakeelako merkatuan. Horrela, bihartik aurrera ontzi handiek -120 GT baino gehiagokoak edo hamabi marinel edo gehiago dituztenak- 8.000 kilo antxoa arrantzatu ahal izango dituzte eguneko, orain arte baino 2.000 kilo gehiago. Gainerako ontziek, 6.400 kiloko muga izango dute. Bestalde, ontziek topea baino %10 gehiago arrantzatu ahal izango dute, eta soberakin horrekin lortutako dirua konpentsazio funtsara bideratuko dute.

Azken egunetan izandako harrapaketek baikortasuna piztu dute arran-tzaleen artean. "Aste polita izan da. Tamaina oneko arraina azaldu zaigu Santander eta Xixon arteko uretan. Gainera, antxoa handia, 28-30 ale bitartekoa harrapatu zuten hiru on-tzik azken egunean eta ia zazpi eurotan saldu dute" adierazi du Norberto Emazabelek, Hondarribiko kofradiako presidenteak eta Tuku Tuku ontziko patroiak.

Eguneko harrapaketa muga handitzeari dagokionez, Emazabelek uste du azken egunetan harrapatutako arraina hobeto salduko dela. "Antxoa handiagoa aurkitu dugu eta uste dugu irteera gehiago izango duela merkatuan. Horregatik erabaki dugu eguneko harrapaketa muga handitzea. Ikusiko dugu zer gertatzen den hurrengo egunetan eta ikusten badugu merkaturatzeko arazoak daudela, eguneko topea berriz jaistea aztertuko genuke".

Antxoaren arrantzaldi honek garbi utzi du antxoa populazioaren egoera bikaina dela. Izan ere, arrantzaleen arabera, itsasoa antxoaz beteta dago Hondarribitik hasi eta Xixoneraino.

"Arrain asko ikusten dugu itsasoan. Azken egunetan Asturias eta Kantabriako uretan ibili gara arrantzan baina aurreko astean tamaina politeko antxoa harrapatu genuen Hondarribitik hiru-lau ordura" nabarmendu du Emazabelek. Tuku Tuku ontziko patroiaren ustez, "hainbat tamainetako arraina nahastuta dago eta antxoa handia egon badago ere, zaila da aurkitzea".

Euskal Herriko ontziak gaur gauean itsasoratuko dira Asturias alderantz abiatzeko. Bide luzea dute aurretik. Adibidez, antxoaren arrantzaldian ari diren Hondarribiko hamazazpi on-tziek 160 bat itsas milako bidea bete beharko dute arrantza-lekuetara iritsi arte. Hasiera batean, ontziak Museleko portuan uzteko aukera aztertu zuten arrantzaleek etxera arteko itsas-bide luzea ekiditeko. Egun bizi dugun salbuespenezko egoerak, baina, ezinezko bihurtu du aukera hori.

"Ezinezkoa izan zaigu gure tripulazioak etxera eramateko behar adina autobus kontratatzea eta itsasoz itzuli behar izan dugu. Eta astelehenean buelta. Ez dago besterik" azaldu du Emazabelek. Eguraldia lagun izango dute arrantzaleek datorren aste osoan. Itsasoa bare-bare egongo da eta tenperaturak epelak izango dira. Baldintza bikainak bokarta arrantzatzeko.

Positiborik gabe. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarekin elkarlanean, COVID-19 birusa detektatzeko PCR testak egin dizkiete antxoaren arrantzaldian parte hartzen ari diren Gipuzkoa eta Bizkaiko baxura flotako arrantzaleei. Lehen fase batean, Hondarribiko, Pasaiako, Orioko eta Getariako kofradietako 545 arrantzaleri eta lonjetan lanean ari diren beste 29 langileri egin dizkiete testa. Ez da positiborik egon.

Alturako flota. Asteburu honetan, ostiralean eta larunbatean hain zuzen ere, Ondarroa, Lekeitio, Bermeo, Santurtzi eta Zierbenako on-tzietako arrantzaleen txanda izan da, lonjetako beharginekin batera. Kofradiek gaurko espero dituzte emaitzak. PCR testak aplikatzeko protokoloa alturako profesionalengana ere zabalduko da, hurrengo marea hasi aurretik hain zuzen ere.