- Pasaiako Portuak "eraginkortasunez eta segurtasunez" eusten dio Gipuzkoarako funtsezkoa den jarduerari, COVID-19ak ekarritako pandemiaren aurrean jarduera guztia berrantolatu ondoren. Azpimarra-tzekoa da, urteko lehen hiruhilekoan salgaien trafikoa "%2,5 baino" ez dela jaitsi.

Felix Garciandia Gipuzkoako kaiko presidenteak atzo adierazi zuenez, "Portua, bertako enpresak eta langileak, normaltasunez" betetzen ari dira Gipuzkoarentzat eta beraien logistika-katean lagungarri zaien sektore estrategikoentzat funtsezko jarduera gisa duten zeregina.

Garciandiak aitortu zuen "ez dela erraza izan", baina berretsi zuen lehen hiruhileko salgaien trafikoari buruzko datuek "egoera zail honetan egindako lan ona" islatzen dutela bai komer-tzial arloan, bai operatiboan.

Izan ere, 2020ko lehen hiruhilekoa ixtean, guztira 772.756 tona metatuta, "Pasaiako Portuko trafikoa %2,5 besterik ez da jaitsi salgaien guztizkoan", nabarmendu zuen.

Siderurgiak, automobilgintzak, papergintzak edota nekazaritzako elikagaien sektoreak ohiko bolumenari eutsi egin diote lehen hiruhilekoan.

Aitzitik, aldi horretan bertan, txatarra, egurra edo zerealak bezalako solteko gai solidoak jaitsi egin dira, eta guztira 20.000 tona gutxiago metatu dira.

Garciandiak adierazi zuenez, martxoan COVID-19aren alarma-egoera ezarri zenean esportatu edo inportatu zenaren ikuspegitik datuak aztertuz gero, esportatutako salgaien guztizkoak jaitsiera handiagoa erakusten omen du, batez ere produktu siderurgikoei eta automobilgintzari dagokienez, haien jarduera moteldu edo geldiarazi ahala.

Portuak aurreikusten duenez joera hori nagusituko omen da datozen hilabeteetan ere, eta gaur egun geldirik dauden edo jarduera murriztu duten jardueretarako inportazioek behera egingo dute, pandemiak eragindako arazo operatiboak edota eskari gabezia medio.

Hala ere, egoera hobetu ahala "galdutako bolumenaren zati esangura-tsu bat berreskuratzea da hurrengo seihilekorako helburua", Portuko zuzendariaren esanetan.

"Portuak jarduera ekonomikorako funtsezkoa izaten jarraituko du, eta behin osasun alerta gainditutakoan denon artean borrokatu beharko dugun susperraldi ekonomikoarekin konpromiso argia erakutsi nahi du", gaineratu zuen.

Gipuzkoako kaiak datorren astean kaleratuko du salbuespen egoera zail honetarako "neurri multzo zabal bat bere enpresak eta erabiltzaileei lagun-tzeko". Besteak beste, konpainien derrigorrezko ordainketa-betebeharren eragin negatiboa arintzea ahalbidetuko da, eta portuaren eremuko betekizun jakin batzuk malgutuko dira.

"Galdutako bolumenaren zati esanguratsu bat berreskuratzea da hurrengo helburua"

Pasaiako portuko presidentea