Donostia. 2013 urteko bigarren mendeurrena dela eta, norbanakoek, elkarteek eta erakundeek irailaren 15era arteko epea daukate egitarauan sartzeko proiektuak eta proposamenak aurkezteko.

Udal Gobernuak orain arte hainbat proiektu, proposamen eta ideia jaso dituela jada esan zuen atzo. Uztailaren 18an bilera irekia ere egin zuen San Telmon eta hainbat ekarpen jaso zituen. Baina, dena dela, proposamenak aurkezteko epea zabaldu eta ideiak dituztenek irailaren 15era arte izango dute horiek udaletxean aurkezteko epea.

Udal erregistroan aurkeztu daitezke proposamenak (gaian Donostia 1813-2013 jarrita) edo e-mailez bidali daitezke espresuki sortutako helbide elektroniko berri batera: Donostia1813_2013@donostia.org.

"Donostiaren berreraikuntzaren bigarren mendeurrena mugarri historiko bat da, hiriak merezi duen bezala oroitu behar duen urteurrena da. Donostiako Udalak, honengatik guztiarengatik, datorren urtean, gizarte zibilarekin batera sustatuko dituen ekitaldiak gertatutakoaren oroimenaren alde izango dira eta, era berean, gogoz eta ausardiaz hiriaren berreraikuntza bultzatu zuten hiritarren aitorpenaren alde. Haize berrien garai hauetan ere gure hiria eraikitzen jarraitzeko herri osoaren konpromisoa behar baita", adierazi zuen atzo udal Gobernuak.

Horregatik, 2013ko egitaraua proiektu kolektiboa dela gaineratu zuen Udalak eta herritarren ekarpenak beharrezkoak direla: "Erakunde publiko eta pribatuek, nahiz eragile ekonomiko, sozial eta kulturalek, hala nola donostiar guztiek programazio eta antolamenduan inplikatzeko aukera izan behar dute". Guztiek irailera arte dute ekarpen horiek aurkezteko epea.