"AZKENEAN ez dugu trenbidea gehiago zeharkatu behar", aitortu du emakume añorgatar batek EuskoTrenetik jaitsi eta Añorga Txikiko estazio berrian. Asteartean estreinatu zuten parada auzotarrek eta gustura daudela dirudi.
Oraindik, hala ere, obrek jarrai-tzen dute, estazioan bertan eta inguruan. Egun hauetan langileek gora eta behera jarraitzen dute, esaterako, estazioko igogailua probatzen edo andenetan seinale berriak jartzen, besteak beste. Izan ere, funtzionatzen hasi bada ere, oraindik lanak ez daude bukatuta eta Euskal Trenbide Sarearen (ETS) aurreikuspenen arabera, irailean inauguratuko dute guztia.
Bitartean, hala ere, estazioa ezagutzen ari dira añorgatarrak. Langilerik gabeko parada da, hau da, tiketak makinetak ateratzen dira eta ez dago leihatilarik. Itxitako hall batean daude bai makina horiek eta baita andenetara pasa-tzeko tornoak ere. Handik, igogailuan edo eskaileren bidez atera daiteke gora, trenbidea dagoen tokira.
Izan ere, Añorga Txikiko estazioak regata ondoko desnibela aprobetxatzen du. Trena goiko aldetik pasatzen da eta horren azpian eraiki dute estazioa eta, baita ere, beste aldera pasatzeko pasabidea (horrela trenbidea zeharkatu beharrik ez da izango). Aipatutako errekatxoaren gainetik zubi bat dauka Añorga Txikiko auzora iristeko. Irisgarritasun arazorik ere ez dauka eraikin berriak. "Diferentzia handia dago aurrekoarekin konparatuta", gaineratu du trenetik ateratzean lehengo emakumeak.
iritziak
Pena ere bai
"Modernoa da eta oso ondo dago, baina pena pixka bat ere eman dit aurrekoa desagertzeak", aitortu du Iñaki Cuende añorgatarrak. 2010. urtean bota zuten estazio zaharra: "Paretean zuloak zeuzkan etxeak eta Gerra garaiko erasoenak omen ziren", kontatu du Cuendek. Horregatik eman dio pena pixka bat auzoko historiaren parte ere bazen estazioa galtzeak: "Añorga izena zeramikaz idatzita zeukan". Hala ere, eraikin berria erosoa eta modernoa dela aitortu du auzotar honek.
Parada berriarekin batera, Errekaldetik Añorga Txikiraino bikoiztutako trenbidea ere estreinatu dute aste honetan EuskoTreneko ibilgailuek, momentuz bide bakarra erabiltzen ari diren arren. Besteak beste, azken hilabeteotan eraikitako tunel berria zeharka-tzen du dagoeneko trenak, baita N-I errepide zaharraren gaineko zubi berria ere.
Lasarte-Oriatik Hendaiara doan trenbide guztia bikoiztea da Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren menpe dagoen ETSren helburua, horrela tren zerbitzuak areagotzeko eta frekuentziak murrizteko gai izateko.