Donostia. Gaur zabalduko ditu ateak mintzodromoak Donostiako Bulebarrean, eta ez ditu itxiko larunbat gauera arte. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, aurten, lau egunetan zehar antolatu dute euskaldunak eta euskaraz ikasten ari direnak mintzatzeko eta elkartzeko topagune hau. Gainera, hiriko hainbat auzotan ere antolatu dituzte mintzodromo propioak, abenduaren 3aren harira.
Bulebarrekoari dagokionez, gaurtik aurrera 9.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 19.00etara egongo da zabalik. Ez da derrigorrezkoa, baina aldez aurretik izena emateko aukera ere badago, Bagera elkartearekin harremanetan jarriz.
Larunbateko jarduna berezia izango da, ordea. 100 bat gizarte erreferente bilduko dira karpan, 11.30etik aurrera, mintzodromoan parte hartzeko. Aurkezle eta dinamizatzaileak izango dira, baita erakundetako ordezkariak ere.