donostia. Gero eta hurbilago dago Euskararen Eguna eta gero eta xehetasun gehiago ezagutzen ditugu data honen inguruan. Nahiz eta hilabete honetan zehar ekitaldi asko ospatu, larunbatekoak izango dira berezienak.

Ekimen hauek atzo aurkeztu zituzten Donostiako Udaletxean Zigor Etxeburuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak; Mikel Insaustik, Kutxa Ekoguneako zuzendariak; eta Nerea Txapartegik, Donostiako Euskara delegatuak.

Prentsaurrekoan azaldu zutenez, "euskara erabiltzera" gonbidatu nahi dituzte herritarrak eta "euskaraz ez dakitenak ere hizkuntza ezagutzera eta ikastera" animatu nahi dituzte. "Azken finean, bizilagunak eta gizartea euskarara erakartzeko eta euskara erabiltzeko hainbat ekintza jarri ditugu martxan Guk ere euskaraz lelopean", esan zuen Txapartegik.

Ekitaldi horien artean, mintzodromoa izango da arrakastatsuena, 1.500 lagun baino gehiago bildu nahi baititu. Aurtengoa, bihartik larunbatera arte egingo da Bulebarrean jarriko duten karpan. Bertan, euskara ikasleak euskara dakien jendearekin elkartuko dira mahai baten inguruan eta ordubeteko saioetan interes orokorreko hiru gai izango dituzte hizpide. Saio bakoitzaren baitan, hamabost minutuko txandak antolatuko dira eta txanda horien ostean beste mahai batera mugitu beharko dute beste mahikideekin aritzeko.

Donostiako Euskara ordezkariak azpimarratu zuenez, "mintzodromoaren helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da eta jarduera honen bitartez euskara erabiltzeko deia egin nahi zaio gizarteari". Lan hori bultzatzeko Gipuzkoako ehun pertsonaia ezagun (aktoreak, politikariak...) bilduko dira larunbateko saioan, 11.30etik aurrera.

Hiru egunetako ordutegia 9.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 19.00etara izango da eta parte har-tzeko 943 467 181 telefono zenbakira deitu edo idazkaritza@bagera.net helbidera idatzi behar da.

Ekitaldien zerrendan, Euskararen Ginkana nabarmendu zuten. Kutxaren Ekoguneak antolatuta, "euskaraz eta euskararekin ongi pasatzeko lehiaketa da", esan zuen Insaustik. Aldi berean, oraindik apuntatzeko aukera dagoela gogoratu zuen (www.euskararenginkana.net).

uxotegi Bestalde, Uxotegi Gaztetxea Euskararen Egunaren inguruko ekitaldiren baten antolatzaile dela salatu zuen atzo EAJk. "Erregistroan begiratu dugu eta ez da elkarte bezala agertzen. Muga batzuk ezin dira pasatu eta gai honek broma astun bat dirudi", esan zuen Eneko Goiak. Txapartegik, berriz, auzo bakoitzak nahi dituen ekitaldiak antolatzen dituela argitu zuen.