Asteazken honetan itxiko dira Goñiren Oroimenezko Txapelketaren final-laurdenak, pizgarriz betetako beste jaialdi batekin. Bertan, Eneko Labaka egungo txapeldunak hainbeste urtetan janztea kosta zitzaion txapelaren defentsa hasiko du. Helburu horretarako afizionatu mailan ia dena irabazi duen Alabizturkoak, Iztueta atzelari tolosar gaztearen laguntza izan behar zuen atzealdean, azken hilabeteetan sentsazioa sortzen ari dela, baina lesio batek Belokin egotea eragotziko dio eta Julen Aizpuru atzelariak hartuko du bere lekua. Asteasukoa, Garferen eskutik profesionaletan aritua, berme osoko atzelaria da, eta, urrutira joan gabe, iazko Antiguako torneoa irabazi zuen. Pebeten, Gipuzkoako txapelketan edo Euskal Ligan ere batido txapelak. Bi gipuzkoarrek ofizio eta kalitatezko bikotea osatzen dute.

Eta ez zaie atzean geratzen Javier Oskoz eta Beñat Garmendia, Belokiko pilotazaleentzat oso ezagunak diren pilotariek osatzen duten konbinazioa. Urrutira joan gabe, Lantzeko aurrelaria promesen lau t'erdiko azken txapelduna da, 2020ko finalean Ruiz de Larramendiri gailendu ondoren, partida hartan bere erabateko fidagarritasunaren eta defentsarako dohainen frogak eman zituen nafarrak. Beñat Garmendia beasaindarra izango du lagun, orain dela hilabete gutxi arte Aspeko profesionala, Binakako Promozio Txapelketako azpi-txapeldun izandakoa eta 2018an Goñiren Omenezkoan txapela jantzi zuena. Goierritarra ezer oparitzen ez duen horietako atzelaria da eta Labaka-Aizpuruk finalerdietara sartu nahi badute, dakiten guztia jokatu beharko dute.

Lau t'erdiko promesen finalerdiak osatzen dituen partidan ere azken orduko aldaketak ere izan dira; izan ere, Aingeru De la Fuente ezin izango baita Goñiren Omenezkoarekin zuen hitzordura azaldu, eta Unai Amiano irundarrak hartuko du haren lekua. Iker anaia nagusiak baino zorte handiagoa izaten saiatuko da, Egigurenek txapelketari hasiera eman zion partidan kanporatu baitzuten. Beñat Apezetxea goizuetarra izango du aurkari, buruz buru zein kaiolako Nafarroako txapelduna. Erreka Klubekoa oso ongi aritzen da buruz buruko lehiaketetan eta arerioak menderatzeko balio izan dion aire biziko jokoa du.

Eta beste aste batez, jaialdia 18:30ean hasiko da, Belokiko pilota eskolako gazteenen arteko partidu batekin. Aste honetan Rodriguez-Mendizabal eta Leunda-Nebredaren txanda izango da.