Donostia - Larunbatean jokatuko dira Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan Xistera Zirkuituko hiru final, 17.00etatik aurrera. Nesken partidak ekingo dio arratsalde handiari, eta bertan Aldazabal eta Calvo, Merinoren eta Lizardiren aurka neurtuko dira.

Pilotariak ilusioz beterik daude. "Iaz txapela lortu nuen, eta aurten ere saiatuko naiz lortzen", adierazi zuen Maialen Aldazabalek. Pasa den urtean Arberekin lortu zuen garaipena, baina Calvorekin ere oso gustura dabilela adierazi zuen, biak baitira berritxuarrak. "Guk gure lana egiten saiatu behar dugu, eta aurkariei gauzak zail jarri", erantsi zuten bizkaitarrek.

Aurrean bikote gipuzkoarra izango dute, Merino eta Lizardi. Azken honek iaz jokatu zuen baita ere finala, Ortiz de Mendibil lagun zuela, baina ezin izan zuen irabazi. "Aurtengoan irabaztea tokatzen zait. Finalerdietan gauzak ongi atera zitzaizkigun eta konfiantza handiarekin gatoz finala jokatzera. Ea bigarrengoan txapela lortzen dudan", esan zuen atzelari mutrikuarrak.

Merinok, berriz, badaki zer egin behar duten garaipena lortzen saia-tzeko. "Partida oso ona egin beharko dugu irabazi nahi badugu, finalerdietan egin genuen bezalakoa. Saiatuko gara pilota bien tartean sartzen", adierazi zuen aurrelari tolosarrak.

Ondoren iritsiko da mutilen Bigarren Mailako finala. Bertan, Ibañez eta Olazagazti, Vidalen eta Atain II.aren aurka arituko dira. Hemen ere ilusioz beterik datoz bi bikoteak. "Helburua ahalik eta lasaien aritzea izango da, gu geu izatea, eta elkarri lagunduz jardutea. Finalerdietan ongi atera zitzaigun, eta oraingoan ere helburu bera izango da", esan zuen Unax Vidalek.

Gorka Mugartegi Atain II.a izango da 15 urterekin final honetako gazteena. Etxean aritzeak ez diola presiorik egiten esaten du. "Final honetan izatea gauza handia da, ilusio itzela egiten dit. Etxean jokatzeak indar handia ematen dit, ezagun eta lagun asko etorriko dira eta presioa baino gehiago laguntza izango dela uste dut", dio markinarrak.

Beste aldean, eskarmentua, eta aurten lehen eta bigarren fasetako finalak jokatu dituzten Ibañez eta Olazagazti izango dituzte aurrean. "Irabaztea tokatzen zaigu. Bi fasetako finalak jokatu eta galdu ditugu, orain final handia tokatzen zaigu irabaztea", dio Ibañezek. "Finala zaila izango da, gu ez gara domina-tzaileak, eta aukera dugunean bukatu egin behar dugu", erantsi zuen tolosarrak. - N.G.