- Une erabakigarria Ohorezko A Mailan. Titulua eskuratzeko play-offak hastear dira eta Ampo Ordiziak Cienciasen aurka jokatuko du Altamiran, final laurdenetako kanporaketako partida bakarrean (12.00etan). Talde goierritarrak erronka polita du aurrez aurre: bere historian hirugarren aldiz finalaurrekoetan sartzea. Izan ere, 2012an ligako txapelduna erabakitzeko play-offak ezarri zirenetik, ordiziarrak azken faserako sei aldiz sailkatu badira ere, soilik bi kanporaketa gainditu baitituzte, final laurdenetako norgehiagoka bat eta bakarra irabazita.

2010-11 denboraldira bitartean, liga erregularreko lehen sailkatua izaten zen ligako txapelduna. Harrez gero, play-off sistema ezarri zen irabazlea erabakitzeko. 2012. urtea ezin ahaztu Ordiziaren historian. Goierritarrek estreinakoz irabazi zuten Errege Kopa eta, fase erregularrean bigarren sailkatu zirenez, finalaurrekoan ekin zioten titulua lortzeko lehiari. Gernikari Altamiran nagusitu eta orain arteko lehen final bakarrerako txartela lortu zuten, Valladoliden VRAC Quesos Entrepinares taldearen aurka galduz.

Beste bost alditan sailkatu da Ordizia play-offetarako. 2013an eta 2014an ezin izan zuen final laurdenetako kanporaketa etxetik kanpo gainditu. Hurrengo hiru urteetan Goierriko taldeak ez zuen liga onenen artean amaitu, eta ezin beraz, ligako azken fasea jokatu. Etenaldi horren ondoren, 2018an ordiziarrei berriro ere final laurdenetan galtzaile izatea tokatu zitzaien Altamiratik urrun, Independenteren aurka.

2018-19 denboraldian lortu zuen Ampo Ordiziak lehenengoz final-laurdenetako kanporaketa bat gainditzea, Burgosen aurka izan zen Altamiran, eta ondoren bere historiako bigarren finalerdian galdu egin zuen Valladoliden El Salvadorren aurka.

Hurrengo denboraldian, play-offen aurretik liga bertan behera geratu zen covid pandemiaren ondorioz, eta iaz bai, Ordizia berriro sartu zen play-offean. Gainera, estreinako aldiz galdu zuen etxean Iñigo Marotiasen taldeak final-laurdenetako kanporaketa. Altamiran jokatutako fase erregularreko partida guztiak irabazi ondoren, gipuzkoarrek Bartzelonaren aurka etxean galdu (9-16) eta sentsazio mingotsarekin amaitu zuten liga.

Urte honetan, Ordiziak bi aldiz jokatu du bere hurrengo aurkariaren aurka. Hirugarren jardunaldian, gipuzkoarrek Cienciasen aurka galdu zuten Sevillan (34-28), eta bigarren itzulian, Altamiran, Ordiziak 19-12 irabazi zien andaluziarrei.

Iñigo Marotiasen taldea play-offetako hirugarren garaipena lortzen saiatuko da oraingoan. Gainera, ordiziarrek aspalditik ezarrita zuten langa bat gainditu dute aurten, 2017az geroztik lehen aldiz Kopako finalerdirako sailkatzea lortuta.

Final laurdenetako gainerako partidak El Salvador-Burgos eta Santboiana-Bartzelona izango dira. Alcobendasen eta Cisnerosen arteko norgehiagoka atzeratu egin dute, "Gavin Van den Berg jokalariari hautagarri izaera ematen zion dokumentu ofizial bat aldatu izanaren susmoa dela eta, Alcobendasi irekitako ezohiko diziplina-prozeduraren ondorioz".

16 eta 18 urtez azpiko Euskadiko selekzioek Galiziako selekzioen aurka jokatuko dute gaur Ferrolen, Galeuscat Cup txapelketan, 16:00 eta 18:00etan.