- Danimarkako Gudmeruntz abiatu zen Bidasoa atzo. Bertan jokatuko du astearte honetan (18.45ean) GOG taldearen aurka European Leagueko final-zortzirenetako itzuliko partida, bi goleko aldeari buelta emateko itxaropenarekin.

Orain astebete Artalekun lortutako aurkako 28-30eko emaitzarekin joan dira irundarrak, eta sailkapena lortzea oso zaila izango dela jakin arren, ezustekoa emateko prest agertu dira. "Hemen azkeneraino borrokatu ginen bezalaxe, han ere amaiera arte borrokatzeko asmoz goaz", esan zuen atzo Jacobo Cuétara entrenatzaileak Danimarkara abiatu aurretik.

Asturiaseko prestatzaileak "bi egoera" posible ikusten omen ditu partida hasi aurretik. Lehena, eta logikoena iruditzen zaiona: "Hara joan eta aurkariaren benetako mailaz jabe-tzea, Wisla Plocken aurka gertatu zi-tzaigun bezala, hemen ere irabazteko zorian egon eta han konturatu ginelako zer nolako maila zuten".

Cuetarak gogora ekarri zuen, gainera, "larunbatean eta igandean Danimarkako Kopa jokatu berritan etorri zirela daniarrak Irunera", eta orain, berriz, "aste osoa izan dutela partida prestatzeko, ligan dosifika-tzea erabaki zutelako"; beraz, aurrez aurre "GOG bikain bat" izan dezaketela iruditzen zaio.

Eta entrenatzaile bidasotarrak espero lezakeen beste egoera posiblea, aldiz, "hemengo partida erreferentzia ona izatea" omen da. "Eta hemengo partida erreferentzia ona izan bazen, erne gero", ohartarazi zuen Ribadesellako teknikariak, bere ustez joan den astearteko partidan bizirik ihes egiten utzi zietela aitortuz.

Entrenatzaileak baikortasun gehiegitxo antzeman omen zien aurkariei lehen partidaren ostean: "Oso alai eta irribarrez sumatu nituen, eta borrokatu izanagatik zoriondu ere egin gintuzten", esan zuen minduta. "Faborito argiak dira eta super-faboritoak direla sinetsita daude", aipatu zuen prestatzaileak. Bere iritziz, minutuek aurrera egin ahala Bidasoak aukera izaten jarraitzea lortuz gero, "kanporaketa geure aldera eramateko gauza izan gaitezke".

Lesionatuta jarraitzen duten Jon Azkue eta Iñaki Cavero gabe biaiatu zen Irungo taldea, baina larunbatean Logroñon garaipen borobila lortu ostean (24-31), partida horretara egoera ezin hobean iritsiko direnaren uste osoz. "Guztiok pausu bat aurrera eman dugula erakutsi digu Logroñoko partiduak, eta taldearen-tzat oso garrantzitsuak diren jokalari batzuk nolabaiteko erritmoa hartu dutela. Beti gara lehiakor, eta hara ere lehiatu asmoz joango gara. Markagailuan 2-0ekoa egongo da hasieran euren alde, eta faborito nagusiak beraiek izan arren, ea urduri jartzen ditugun", esanez amaitu zuen Cuetarak.