-Super Amara Bera Berak Ligako hurrengo jardunaldiari ekingo dio gaur, seigarren postuan sailkatuta dagoen Elxen kantxan, 20.30ean hasita, asteburuko partida aurreratuan. Talde gipuzkoarrak ez du hutsik egin nahi, abantailari eutsi eta lidergoan sendo jarraitzeko.

Gainera, Lanzaroteren pistan gol bakar baten tarteaz irabaztetik datorren talde zailaren aurka Super Amarak jokatuko duen partida hori oso berezia izango da Imanol Alvarezentzat, 150 partida beteko baititu Bera Beraren aulkian. "Egia esan, ez nekien kopuru horretara iristekoa nintzenik, beraz, ea gauzak txukun egiten ditugun, gero behar bezala ospatu ahal izateko", adierazi zuen atzo ermuarrak ligako konpromisoaren atariko agerraldian.

Nolanahi ere, garrantzitsuena bi puntuak batzea izango da, eta Super Amara ondo prestatuta joango da: "Ondotxo dakigu Elxen aurkako partidak, han ala hemen izan, oso parekatuak izaten direla beti. Egia da ligan menpean hartu ohi ditugula, baina Kopako azken bi edizioetan beraiek kanporatu gaituzte, eta Superkopa irabazi dute. Beraien defentsari aurre egiten jakin eta lasaitasunari eustea izango dira gako nagusiak. Jokalari garrantzitsuak galdu eta sailkapenean hamar puntura dagoen taldea izan arren, jokatuko nuke eurak izango direla txapelketako epaileetako bat, hala erakutsi baitute oraindaino".

Albiste positiboa Maitane Etxeberriaren eskutik etorri da: talde donostiarreko zutabe garrantzitsuenetakoa den jokalaria osatuta baitago, eta parte hartzeko moduan izango delako. "Bera egon ez denean, taldea ondo lehiatzeko gauza izan arren, Maitane errekuperatuta dago eta taldearekin bat eginda berriro ere. Bera kantxan egoteak aukera gehiago eskaintzen dizkigu, egia esan, erasorako eskuineko hegal garbia baitugu, eta aldi berean, Ligako defendatzailerik onena", aitortu zuen Imanolek.

Taldea nola dagoen galdetuta, honakoa aipatu zuen ermuarrak: "Defentsan hobeto gaude, eta erasoan ere hobetzen ari gara, ideiak gero eta argiago ditugulako. Jokalariak konfiantzaz ikusten ditut. Malagan bigarrenarekiko galdutako hiru puntuko aldea berreskuratu arren, liga luzea da oraindik ere. Behin eta berriz esan ohi dut: punturen bat edo beste galduko dugula iruditzen zait, baina baita gainerakoek ere".

Bere ustez, gaurkoan "ohikoa ez den moduan jokatu beharko dugu. Euren defentsa oso oldarkorra da, lerroak asko igotzen ditu, botatzean eta paseak egiterakoan presio handia eginez. Oso talde langilea da, eta jokalarien artean elkarri asko laguntzen diotena. Porriñoren aurka bezain ondo defendatu beharko dugu kontraerasora irten ahal izateko.

Azkenik, datorren denboraldiari begira Paula Arcos Atletico Guardes taldeko ezker hegaleko jokalariaren fitxaketa izan zuen hizpide Imanolek. "Goialdeko taldeetara esperien-tzia handiko jokalariak etortzen dira, eta gurera berriz, edozertara egoki-tzeko gauza dena ekarriko dugu. Ondo ezagutzen dut; berarekin lan handia egindakoa naiz, eta zalantzarik gabe, nortasun handia eskainiko digu. Etortzeko deseatzen dago, oso gogotsu; bere talentuari etekina ateratzen jakitea besterik ez da falta, berak eta taldeak hazten jarrai dezaten", aipatu zuen, datorren udatik aurrera Bera Bera taldeko jokalari izango den 20 urteko neska valen-tziarrari buruz.

"Jokatuko nuke Elx izango dela txapelketako epaileetako bat"

Super Amara Bera Berako entrenatzailea