- Bi aldeak akordiora iritsi eta gero, Thomas Tesorierek Bidasoa Irunen jarraituko du beste denboraldi bat. Beraz, pibote frantziarrak bosgarren denboraldia beteko du talde irundarrean, erakundeak atzo jakitera eman zuenez.

Bidasoako taldearen defentsaren erdialdeko oinarrietako bat den Tesoriere, 2018ko udan iritsi zen Gipuzkoara, Frantziako Handball Bagnols Gard Rhodanien taldetik; harez gero, 104 partida jokatu ditu Asobal Ligan, 17 gol sartuz.

Behin kontratuaren luzapena sinatuta, jokalaria oso pozik agertu zen Bidasoan jarraitzeko aukera izanik: "Beste urtebetez jarraitzea oso pozgarria da. Ilusioz gainezka nago, taldea oso gustukoa baitut, lehen taldera iristen diren gazte ugari inguruan ditudala, eta zaleen maitasuna sentituz".

Talde euskaldunera etorri aurretik erretiratzekotan ibili zela aitortu zuen Marseillako piboteak, eta elkarrekin "ez sinisteko moduko helburuak" lortu dituztela. Hala ere, ez omen da konformatzen, eta "etorkizunean gehiago" nahi omen du.

Buruan, asmo handiko helburua: "Taldeari osotasunean eusteko gauza izanez gero, ilusioz gainezka nago, eta EHF European Leagueko Lauko Finalera iritsi nahiko nuke. Titulu bat irabazi nahiko nuke, Errege Kopa bat".

Ezin ahaztu, Europako txapelketan Bidasoak final-zortzirenak jokatuko dituela Danimarkako GOG taldearen aurka; eta Kopan berriz, Jacobo Cuetararen mutilek Granollers izango dute arerio final-laurdenetan, datorren martxoaren 25ean.

Miramar Jauregian izango da gaur, 13:00etatik aurrera, Erreginaren Kopako zozketa. Super Amara Bera Bera, antolatzailea delako, eta egungo txapeldun den Elx, izango dira bi multzo-buruak, berritasun gisa antolatzaileak koadroa aukeratzeko eskubidea izango duelarik. Alegia, lehenik eta behin, gainerako taldeen pilotak atera, eta taulako honako postu hauetan kokatuko dira: 2, 3, 4, 5, 6 eta 8, alde banatan bi final-laurden osatuz. Lehenengo eta zazpigarren postuak libre geratuko dira, eta Bera Berak izango du nahi duena hautatzeko beta. Donostiarrak eta Elxekoez gain, honako beste talde hauek izango dira zozketan: Granollers Gijón, Atlético Guardés, Rocasa Gran Canaria, Málaga eta Aula Valladolid.