- Kopako hirugarren kanporaketari dagokion itzuliko partida Benidormera (Alacant) jokatuko du gaur, 20.00etatik aurrera, Bidasoa-Irun taldeak; konfiantzaz sendo gainera, Artalekun joaneko partidan duela astebete lortutako zazpi goleko errenta kontuan izanik (33-26).

"Sentsazio onak ditugu", esan zuen talde gipuzkoarreko entrenatzaileak abiatu aurretik. Bere hitzetan, "garrantzitsuena partida irabazteko asmoarekin joatea da", dagoeneko abantaila polita eduki arren, hori izango delako martxoaren 25etik 27ra Antequeran jokatuko den azken faserako sailkapena lortzeko modurik errazena.

Kopako joaneko partidan Benidormen aurka eta Anaitasunaren aurrean larunbatean Nafarroan lortutako garaipenek, sendotu egin dute Bidasoa-Irun taldea, Alacanterantz abiatu aurretik Jacobo Cuétara entrenatzaileak adierazi zuenez: "Oso sentsazio onak ditugu, emaitza onak lortzen ari gara eta, gainera, jokalariak dezente txandakatzeko aukera izanik".

Taldea "ilusio handiz" omen doa, "Errege Kopako azken faserako sailkatzeko partida delako", eta, entrenatzaile asturiarrak adierazi zuenez, bere taldeak "Espainiako eskubaloiaren une garrantzitsuenetan presente egon nahi duelako".

Helburu hori lortzekotan, "garrantzitsuena partida irabazteko uste osoarekin joatea da, kontrola izatea" eta euren egungo mailan jokatzeko gauza izatea, nahiz eta zazpi goleko abantailak nolabaiteko lasaitasuna eskaini.

Inolaz ere, talde irundarreko entrenatzaileak iraganeko esperientziak gogoan izan nahi ditu, gehiegizko konfiantza izpirik txikiena uxatzeko: "Ondo gogoan daukagu sei goleko errenta iraultzeko gauza izan ginen Benidormen aurkako kanporaketa".

Lehen taldeko jokalari guztiekin joan zen Bidasoa-Irun Benidormera, harrobiko Gorka Nieto eta Julen Mujika ere bidaiatu zirelarik; izan ere, Cuetararen asmoa minutuak ahalik eta gehien banatzea baita, taldeak otsailean oso egutegi trinkoa duela kontuan hartuta. Ezin ahaztu, gaurkoa zazpi egunetan jokatuko duten hirugarren partida izango dela, eta larunbatean (12.00etan) berriro jokatu beharko dutela Artalekun, Asobal Ligako norgehiagoka, Cangasen aurka.

"Partida irabazteko helburuarekin joatea da garrantzitsuena, eta sentsazio onak ditugu"

Bidasoa Irun taldeko entrenatzailea