- Federazioek astelehenean Eskola Kiroleko lehiaketak itzultzeko egindako eskaerarekin bat egin zuen atzo Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak, pandemia egoera dela eta Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi baititu: "Izugarri sentitzen dut egoera hau, Eskola Kirolari kalte larria sortzen ari zaiolako". "Aldundiak eta nik neuk, Kiroletako diputatu naizen aldetik, ez dut orain arte adierazpenik egin erakunde arteko ordenaren mesedetan; baina Osasun Sailburuordetzarekin hainbat elkarrizketa izan ondoren, argi adierazi nahi dut, federazioek eta eskola-kirola etetearekin zerikusia duten guztiek egindako eskaerarekin bat gatozela". Millanek gogora ekarri zuen, baita ere, egoera horrek eragiten duen "kalte nagusietako bat, Eskola Kiroleko eta federazioetako fitxen arteko diskriminazioa dela; eta Aldundiak jabetuta dagoela horren baitan dagoen inplikazio sozioekonomikoaz.

Hari horrekin jarraituz, kategoria batzuetan, esate baterako, kadetetan, klubek Aldundiaren bidez edota federazioen bidez izapidetu ditzakete lizentziak. Klubentzako kostua suposatu arren federazioen bidez egitea erabaki dutenek, lehian jarraitzeko aukera dute, gainerako taldeak geldialdira behartuta dauden bitartean.

"Ez da egia neurria adostasunez hartu zenik", ziurtatu zuen Millanek, eta garbi adierazi zuen berak "ez duela gustuko erakunde-ganberrismoa sustatzea, osasun-agintaritzaren gomendio bat bete beharreko kontua baita; baina horrek ez du esan nahi bat gatozenik". Eusko Jaurlari-tzaren "gomendioa" izan dela azpimarratu zuen, baina "gai horretan eskudunak foru-aldundiak direla". "Beste kontu bat da, bakoitzak bere eremutik instituzionaltasuna errespetatzea, eta osasun-agintaritzak gauza bat egiteko eskatzen badu, egitea. Ez gara, ordea, iritzi berekoak. Hona etorri aurretik eskatu diot Jose Luis Quintas Osasuneko sailburuordeari, ahal baldin bada, aste honetan bertan neurria berraztertzeko", gaineratu zuen Millanek. Gainera, LABI atzo bildu zela kontuan izanik, eta antolaketa behar bezala egin ahal izateko, erabakia gaur arratsalderako hartu beharko litzatekeela iruditzen omen zaio: "Ostegun eguerdirako albiste onak espero ditut, oso baikorra ez banaiz ere".

Kiroletako foru diputatuak azaldu zuenez, "ikuspegi zientifikotik aztertuta ez du zentzu handirik eskola-kirolean lehiatzeko debekua mantentzeak, ez ordea, adin bereko neska-mutilen kirol federatuan. Eta ospakizunagatik poztu arren, ez zait iruditzen neurri hori bat datorrenik Haur Danborrada edota Realaren eta Atleticoren arteko Anoetako partidua egitearekin" (Kopakoa).

"Tamalez Eskola Kirolari tokatu zaio inongo ikuspuntutik justifika-tzerik ez dagoen egoera baten borrero izatea" esan zuen Harkaitz Millanek amaitzeko.