- Urrezko LEB mailako Euskal Kopan, maila horretako bi talde gipuzkoarrek, Acunsa Gipuzkoa Basketek eta Juaristi Iraurgi Saski Baloiak parte hartuko dute, Zornotza bizkaitarrarekin batera, asteburu honetan, Azpeitian.

Atzo Loiolako Basilikaren aurrean egin zen Euskal Koparen aurkezpen ekitaldian, antolatzaileek (Euskal Saskibaloi Federazioak eta Urola Erdiko Udalak) bihar, larunbatean eta igandean jokatuko den txapelketa ikustera joateko deia egin zieten zaleei.

Azpimarratzekoa da, Juaristi ISB estatuko saskibaloiaren bigarren mailara igo ondoren, eskualde osoan ilusio handiz bizi dutela denboraldi berriaren hasiera. "Erabat ziur nago taldeak harro egoteko moduko lana egingo duela", adierazi zuen taldeko zuzendari Jose Luis Zubizarretak.

Klubeko arduradunek aurkezpen ekitaldia aprobetxatu nahi izan zuten Inaziotar Bidearen aipamena egiteko. "Aurkezpena Loiolan eginez, jesuitek saskibaloiaren alde egin duten lana publikoki aitortu nahi dugu", adierazi zuen Maier Lazkano Iraurgiko presidenteak.

Ezin ahaztu, gainera, Iraurgi Saskibaloi Taldeko neskek hitzordua dutela asteburu honetan Granadan. Joan den asteburuan Emakumezkoen Ligako Euskal Kopa irabazi ondoren, Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak Challenge ligan parte hartuko du larunbat honetan, Andaluziako hiriburuan, elite eta formazioaren arteko lotura egitea helburu duen txapelketan.