Valentino Rossi, bederatzi aldiz munduko txapelduna motoetan, erabaki bat hartu du: ia hogeita hamar urte eta gero erretiratu egingo da. "Denboraldi honen amaieran gelditzea erabaki dut, nire azken urtea izango da MotoGPko pilotutzat", adierazi du serio arratsaldean hasiko den Estiriako Sari Nagusiaren aurkezpen prentsaurrekoan. Bederatzi aldiz munduko txapeldun izandakoak 2020-2021 denboraldiko bigarren erdia korrituko du eta azaroan, azken lasterketaren ostean, txapelketatik aldenduko da.

Lehiaketak uztailean egiten duen ohiko etenaldiaren aurretik iragarri zuen italiarrak atsedenaldi horretan hartuko zuela bere etorkizunaren inguruko erabakia. Erretiratzeari buruzko zurrumurruak gero eta oihartzun handiagoa zuen, eta zuzenean berak baieztatu zuen: "Oso une tristea da, datorren urtean ez naiz motorrarekin lehian izango, baina, nolanahi ere, izugarri gozatu dut. Ibilbide luzea izan da, eta une ahaztezinak bizi izan ditudala esango nuke, nire talde guztiarekin eta ondoan izan dudan jende guztiarekin". Urbinokoak talde propioa izango du datorren denboraldian parrillan, bere anaia Luca Marini gidari izango duen Aramco Racing Team VR46 taldea. Garajeko eserleku librea hartzea burutik pasatu zitzaiola aitortu arren, azken urteetako emaitza txarren boladak bestelako erabakia hartzera eraman omen du. "Txapelketa hasterakoan jarrai-tzeko asmoa nuen, baina emaitzak uste baino okerragoak izan dira. Nire motorrekin jarraitzeko aukera buruan neukan, proiektu zoragarria da, baina azkenean ez jarraitzea erabaki dut. Motorra aldatu behar nuen, eta denboraldi bakarra geratzen zaizunean, onurak baino arriskuak gehiago dira", aitortu zuen.

Rossiren palmares paregabean 235 podium, 115 garaipen eta bederatzi munduko titulu ditu. Hainbeste desiratzen zuen munduko hamargarren txapelketa irabazi gabe geratuko da: "Apur bat triste sentitzen naiz hamargarren titulua ez lortzeagatik, bi aldiz galdu nuen azken lasterketan (2006an eta 2015ean), baina ezin naiz kexatu lortutako emai-tzengatik". Inolaz ere, italiarrak pilotu izaten jarraitu nahi du; motorretik jaitsi bai, baina monoplaza batean sartuko da: "Motorretik autoetara pasako naiz, ez maila berean, noski; baina bizitza osoan sentituko naiz pilotu eta lehiatzen jarraituko dut" .