Liga Asobal: Bidasoa Irun 2021-22 denboraldia prestatzen hasi da

03.08.2021 | 00:30
Bidasoa taldea, atzo Artalekun. Argazkia: CDBidasoa

donostia –Jacobo Cuetara, Bidasoa Kirol Taldeko entrenatzaileak bere seigarren denboraldi-aurreari ekingo dio Artalekun, "Liga hasiera on bat egiteko ahalik eta hobekien prestatzeko asmo garbiarekin". Entrenatzaile asturiarrak argi dauka datorren denboraldirako helburua: "Lehiaketa guztietan lehiakor izan eta goian egoten jarraitzea".

Iazko denboraldiarekiko, Iker Serrano, Adrian Crowley, Sergio de la Salud, Dan Racotea eta Nicolas Bonanno jokalariek ez dute talde irundarrean jarraituko, eta hutsune horiek betetzeko honako jokalari hauek fitxatu ditu klubak: Victor Rodriguez ezker albokoa, Dariel Garcia Rivera hegaleko ezkerra, Ander Ugarte pibote irundarra eta Adrian Fernandez erdiguneko asturiarra.

Cuetara "oso pozik" agertu da fitxaketa berriekin. "Gure joka-tzeko erara oso ondo egokituko direla uste dut, laguntza handia eskainiko digute eta gure joko eta talde filosofian oso ondo egokituko direla esango nuke. Gainera, jokalari gazte asko izango ditugu". "Maila honetan jokalari kopuru handia izatea garran-tzitsua izan daiteke guretzat", azpimarratu zuen. Gainera, denboraldian zehar premiazkoa izaten den "freskotasuna eskainiko digun gazte talde zabala dugu".

Taldea erabat osatzeko azken osagarri baten bila dabiltzala ere onartu du entrenatzaileak: "Pieza bat behar dugu, ezker alboko bat. Profil desberdinak aztertzen ari gara. Taldea sendotzeko maila duen kalitatezko norbait behar dugu, eta bila jarraitzen dugu".

Aldaketak aldaketa, Cuetarak azpimarratu zuenez "taldeko jokalari askok denbora luzea daramate elkarrekin; hori oso oinarri sendoa da, bai entrenatzailearentzat, bai lehiatzeko garaian, baita jokalari berriak ahalik eta ondoen uztartzeko garaian ere".

Entrenatzaile asturiarraren ustez, denboraldi-aurrearen hasiera "falta direnek baldintzatuko dute"; oraingoz ez baititu izango Dariel Garcia eta Julen Aginagalde (Olinpiar Jokoetan), Julen Mujika eta Gorka Nieto (19 urte azpiko Europako Txapelketarako kontzentratuta), eta Kauldi Odriozola ere ez dago %100ean: "Oso garrantzitsua izango da hasieratik abiatuko den taldea finkatzea, liga hasieran sendoa izateko eta pixkanaka etorriko direnek patxada handiagoa izan dezaten taldean sartzerako orduan". "Abuztua prestaketarako izango dugu eta iraila lehian hasteko, baina orduan ere entrenatzeko aukera izango dugu, astean partida bakarra izango baitugu; gero etorriko da urria konplexua". Ordutik aurrera, "entrenatzeko aukera gutxi izango dugu, baina askotan lehiaketa bera izaten da entrenamendurik bereziena".

Datorren asteko ostiralean jokatuko du Bidasoak lehen lagunartekoa, Hondarribian, Frantziako lehen mailako Tolosako Fenix taldearen aurka.

Talde irundarrak irailaren 11n hasiko du liga, Helvetia Anaitasunaren aurka, Artalekun. EHF European League-ko ibilbidea, berriz, urriaren 19an hasiko du Bidasoak, eta lehiaketa horretako aurkariak, irailaren 30ean egingo den zozketaren ostean ezagutuko dituzte.

denboraldi-aurrea

LAGUNARTEKOAK

Bidasoa-Fenix Abuztuaren 13an, Hondarribian

Bidasoa-Fenix Abuztuaren 14an, Orion

Egiako Txapelketa Abuztuaren 20 eta 21ean

Bidasoa-Ereintza Abuztuaren 27an, Errenterian

Bidasoa-BillèreIrailaren 3an

noticias de noticiasdegipuzkoa