Cristina Poloniok, Bera Berako jokalari berriak, "oso pozik" dagoela esan du. Nekane Tereseren lekua hartzeko iritsi da, berak erretiratu eta gero. Talde honera iristea "aurrerapauso handia" dela iruditzen zaio, eta "hasteko ilusio handiz" omen dago. "Ezin zaio Bera Berari ezetz esan", adierazi zuen 23 urte bete berritan, bere erronka "hobetzea eta ikastea" izango dela berretsiz.

Valentziako Morvedre eskubaloitik dator, eta aurretik izan zuen esperientziarik Valentzian eta Alcobendasen; jokalariaren ustez, "ikaskuntza positiboa" omen da aurreko denboraldian jardun zuen bezala jaitsiera saihesteko borrokan aritu izana, egoera hori "ez baita eramaten erraza".

Orain bere esperientzia hori erronka handiagoetarako baliatu nahi du Poloniok, "ez baitut horrelako lehiaketak bizitzeko aukerarik izan (Superkopa, Kopa, Europa), inoiz ahaztuko ez dudan aukera eta esperientzia izango dira".

Bere ezaugarriei buruz itaunduta, Sevillakoak "nire jarrera" nabarmendu du. "Ez dut gaitasun fisiko handirik, baina bai jarrera, eta hori ona dela esango nuke", gaineratu zuen.

Imanol Alvarez junior mailako selekziotik ezagutzen omen du, eta Bera Berako entrenatzaileak "jarrera, diziplina, defentsako lana eta korrika egiteko gaitasuna" eskatu zizkiola aitortu zuen.

Bestalde, atzoko aurkezpenean Cristina Poloniorekin batera izan zen Iñigo Blanco talde teknikoko kideak, berriz, "defentsan zein erasoan Cristina Poloniok eskainiko digun balioaniztasuna" azpimarratu zuen. Eli Cesareo eta Ainhoa Etxeberria izango ditu postu berean, baina, Blancoren iritziz, Polonioren profila "desberdina" omen da.

Taldekideekin batera, Super Amarako jokalari berria gaur bertan hasiko da arratsaldeko seietan Gascan entrenamenduekin, denboraldi berria prestatzeko asmoz.