- Bera Bera Eskubaloiko arduradun Tati Garmendiak eta Super Amarako entrenatzaile Imanol Alvarezek atzo baieztatu zutenez, 2021-22 denboraldian 17 jokalarik osatuko dute taldea; alegia, bajak Teres, Arruda eta Pizzo izango dira, eta jokalari berriak, dagoeneko ezagun ditugun Loidi, Aalla eta Polonio. Horrenbestez, Alice Fernandes Silva eta Maddi Aalla izango dira atezainak; Maitane Etxeberria eta Adriana Cardoso eskuinaldean; Sara Gil eta Mirene Moreno ezkerraldekoak; Esther Arrojeria, Emma Boada eta Alba Menendez (honek hainbat postutan joka badezake ere), erdiko zentralak; Mariane Fernandes, Laura Hernandez eta June Loidi ezker hegalean; Maria Prieto O’Mullony eta Malena Cavo eskuin hegalean; eta Eli Cesareo, Ainhoa Etxeberria eta Cristina Polonio pibotean.

Tati Garmendiaren ustez, “talde orekatua da; fitxaketak garrantzitsuak izango dira, eta baita hiru lesionatuak berreskuratzea ere”. Arduradunak azaldu duenez, “fitxaketak oso gazteak izan arren, taldea ez da iaz baino gazteagoa, batez beste 24,76 urte izango baititu”. Bere ustez, “guztiek izango dute erantzukizuna, guztiek lagunduko dute, denek egingo dute euren ekarpena, eta hiruzpalau denboraldi daramatzaten jokalariak izatea bermea da datorren denboraldiari begira”. “Cavo eta Hernandez ere gehiago izango dira bigarren denboraldia dutenez”, gaineratu zuen.

Talde teknikoari dagokionez, “Imanolek kontratua zuen, eta gainerakoei berritu egiten zaie, alegia, Alex Noguesi, Nerea Urangari, Iñigo Blancori eta Txema Benito medikuari; Ammma ere aurkeztu genizuen prestakuntza fisikoaren erreferente izateko”.

Erronkei dagokienez, Garmendiak argi azaldu zuen: “Estatu mailako titulu guztiak lortzeko lehian izan nahi dugu: Superkopa, Liga eta Kopa. Ea European Leagueko multzoen fase horretara sartzeko jokalari guztiak jokatzeko moduan izaten ditugun, eta, jakina, udaberrian Kopa antolatzea ere erronka handia da”.

Ildo horri jarraituz, arduradunak aitortu zuenez “Gascan jokatzen jarraitu nahi dugu eta hala jakinarazi diogu Udalari”; eta bazkideei dagokienez, “partidak ikustera etortzerik izan ez dutenez, konpentsatzeko modua aztertzen ari gara. Datozen asteetan emango dugu horren berri“.

Imanol Alvarezez aipatu zuenez, ziur dago “zeudenak hobetu egingo direla eta etorri berriek ekarpen ona eskainiko dutela”. Gainera, “lesionatutako hirurak ere gehigarri onak izango dira. O’Mullony eta Sara Gil osatuta daude, eta Boadak eta Cavok denboraldi-aurrea ondo hastea espero dugu”.

Horren harira, denboraldi-aurrea hasteko taldea uztailaren 29an elkar-tzeko deialdia egin duela iragarri zuen entrenatzaileak. “Aurreko urteekiko, arlo fisikoa lantzeko modua aldatuko dugu, orain arte arrakastatsua izan bada ere, betiko hobetzeko asmoarekin; ammmarekin lortutako akordioa oso emankorra izango dela iruditzen zait, eta beste aurrerapauso bat eman nahi genuen”.

Alvarezek “iaz baino lagunarteko partida gehiago jokatzeko” asmoa azaldu zuen; bere ustez, “taldea Kopako lehen partida horretara justu samar iritsi zelako, eta irailaren 4ko edo 5eko Superkopako partidara sasoi onean iritsi nahi dugulako”. Hiru jokalari berriei dagokienez, Alvarezen iri-tziz “lan ona” egingo omen dute. “Junior mailako selekzioan izan nuen Loidi. Oso jokalari ona da eta etorkizun bikaina du”. Elgoibartarraren defentsarako gaitasuna aintzat hartu arren, “erasoan ere aprobetxatu nahi dugu”, esan zuen. Maddi Aalla atezainaren inguruan hauxe aipatu zuen: “Ez dator Renata ordezkatzera, Aliziarekin tandem on bat osatzera baizik; eta lortuko duela esango nuke, ligan eskarmentu nahikoa baduelako”. Alvarezek Polonio ere ondo ezagutzen du, “Cesáreok ez bezalako ezaugarriak ditu eta ondo etorriko zaigu. Oso lehiakorra da, talde-lanerako jokalaria, eta aukera asko eskainiko dizkigu. Denboraldi berriko ezustetako bat izan daiteke”.

“Itxaropentsu bizi dugu datorren udaberrian Kopa antolatzeko erronka”

Bera Bera Eskubaloiko arduraduna

“Zeuden jokalariek hobera egingo dute eta etorri berriek ekarpena ekarriko dute”

Super Amara Bera Beraren entrenatzailea