- Jacobo Cuétara Bidasoa Iruneko entrenatzailearen ustez, Irungo taldeak “gogotsu” egingo dio aurre gaur, 18.00etatik aurrera, Logroño Errioxa aurkari zuzenaren kontra Artaleku kiroldegian jokatuko duen norgehiagokari (partidan ez da ikuslerik izango eta LaLigaSports TVk emango du); “oso partida polita eta garran-tzitsua izango da aurkari handi baten aurka, Asobalen ikus daitekeen onenetakoa” bere iritziz.

Gaur arratsaldean bi joko estilo izango dira aurrez aurre Cúetararen ustez; izan ere, gakoa hortxe egongo omen da “ea nor izaten den bere maila emateko gauza, eta zein joko mota ematen den; defentsak ala erasoak nagusitzen diren, joka-tzeko oso modu desberdina dugulako. Minipartidu asko egongo dira”.

Gainera, talde bidasotarra jokalariak berreskuratzen hasi da, oraindik ere %100ean egon ez arren: “Hiru fase daude: lehena jokalariak berreskuratzea da, eta horretan oso ondo goaz, zorionak ematea merezi duten medikuen lan onari esker. Hurrengo fasea, entrenamendu erritmoa izatea da, galdu egin baikenuen eta hori delako erregulartasuna ematen duen euskarria; eta, azkenik, sasoi puntua ematen duena, lehiaketa erritmoa da. Aurrena lehen fasea gainditu behar da, ondoren etorriko dira bigarrena eta hirugarrena”.

Cuetarak garbi dauka, partida bat gutxiago jokatu arren, Bidasoak baino bost puntu gutxiago dituen eta Asobal ligan laugarren postuan kokatuta dagoen, zer nolako Logroño topatuko duen: “Urtero bezala, goian dabiltza, talde bikaina da eta eskubaloi dotorea jokatzen duten jokalariak ditu. Euren jokamoldea ondo barneratuta dute, eta hortxe daramatzate, auskalo, hamar bat urte… aurkariekin aldea markatzen; gainera, orain, beste hainbat talderekin Europan joka-tzeko lehia gogor horretan murgilduta daude”.

“Logroñok jokalari bikainak ditu eta oso ondo jokatzen du eskubaloian”

Bidasoaren entrenatzailea