- Bera Bera eta BM Zuazo taldeek Gasca kiroldegian biziko dute igandean 12:10etik aurrera (ETB1en), emakumezkoen eskubaloiko Ohorezko Mailan jokatuko duten hogeigarren partida. Gipuzkoarrek euren maila ona berreskuratu nahiko dute, eta bizkaitarrek berriz, titulua lor-tzeko lehiatuko den taldean sartzeko aukera apurrak baliatu.

Super Amara astelehenean itzuli zen entrenamenduetara, konfinatuta pasa duen astean Malagako garaipen garrantzitsua dastatzeko aukera izan duelarik. Donostiarrek bi partida atzeratu behar izan zituzten jokalari gazte bat kutsatu zelako, Lanzarote Puerto del Carmen taldearen aurkakoa Gascan -martxoaren 13an jokatuko da-, eta Uneatlántico Pereda taldearen aurkakoa Santanderren -Martxoaren 11n izango da-. Denbora tarte horretan Lanzarote Puerto del Carmeni eta Cicar Lanzarote Ciudad de Arreciferi nagusitu zaio Zuazo Lasesarren; bi garaipen horiei esker, laugarren postua ziurtatzeko aste honetan bi taldeei bisita egin beharko dien Aula Valladolidekin berdintzea lortu dute. Hori dela eta, Barakaldok laugarren postua lortzeko aukerarik badu oraindik, fase hau martxoaren 6an amaituko baitu Uneatlantiko Peredaren aurka.

2012-13 denboralditik hona, Zuazok emakumezkoen eskubaloiko elitean eutsi dio, 2008-09 kanpainan sartu-irten laburra egin ostean. Ondorioz, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek 19 aldiz jokatu dute elkarren aurka ligan, hirutan Kopan eta Iruñean antolatutako Superkopan ere lehiatu ziren. Hau da, Euskadiko Kopak kontuan hartu gabe, 23 partida ofizial jokatu dituzte, eta denetan urdinak nagusi; 2012ko Porriñoko Kopan ibili ziren larri, Donostiako taldeak luzapena behar izan baitzuen.

Guztira, 23 partida ofizial jokatu dituzte bi taldeek, eta talde gipuzkoarra izan da beti nagusi