- Marcelo Nicolaren taldeak denboraldi honetako partidarik txarrena jokatu zuen Santiago de Compostelako kantxan, porrot garbia jasoz. Taldeak piztutako ilusioari dagokionean ere atzerapausoa izan zen, aurten nabarmendu beharko luketen jokalari batzuen jarduna ez baitzen espero bezalakoa izan.

Gipuzkoarrak igandeaz geroztik daude Kataluniako hiriburuan, etxetik pasa gabe Galiziatik zuzenean hara joan baitziren. Bartzelonaren kantxan behin baino ez dute irabazi taldearen historia osoan, hain zuzen ere, ACB Ligan parte hartu zuten lehen denboraldian. Dena den, talde blaugrana boteretsua ezustean harrapatzeko une egokia izan daiteke denboraldi hasiera hau, talde erraldoi horiek oraindik erabat finkatuta ez daudenean; izan ere, Ligan eta Euroligan talde katalanak jokatu dituen azken bost partidetan, dagoeneko bi porrot jaso baititu.

Bartzelonan ezustekoa ematekotan Jaime Echeniqueren bertsiorik onena berreskuratu beharko du GBCk; izan ere, lehen jardunaldietan joko harrigarria erakutsi ondoren oso pattal aritu baitzen Ligako azken konpromisoan, gainerako taldekideak bezalaxe.

Donostiarrek irabazteko aukerarik izatekotan, defentsan gogotik saiatu beharko dute; izan ere, erasoan nahikoa larri baitabiltza, orain arte jokatutako partidetan 80 puntura iristea lortu gabe.

Barçak, bestalde, beste final bat jokatuko du lau jardunalditan garaipen bakarra lortu duen sailkapenaren behealdeko aurkariaren aurka. Kataluniako taldeak aste honetan etxean jokatuko dituen hiru partidetan lehena izango da, datorren ostiralean Real Madril etorriko baitzaio Euroligari dagokion partidan, eta igandean, berriz, Andorra ACB ligan.

Begi guztiak klasikoari begira egon arren, aurretik kataluniarrek sendotasuna berreskuratu beharko dute, defentsan bereziki, madrildarren aurkako norgehiagokara behar bezala iristeko. Aldez aurretik, desoreka handiko partida izango du, beraz, Palaun zer galdu gutxi duen Acunsa Gipuzkoa Basketen aurka.

Irabaztekotan, talde donostiarreko jokalaririk onenek mailarik onena erakutsi beharko dute