- Zaldi lasterketen lehia gaur itzuliko da Donostiako hipodromora; gainera, jokatuko diren bost probak baliagarriak izango dira Estatuko Loterias y Apuestas-ek antolatzen dituen Quintuple Plus eta Lototurferako.

Eta turfa indartsu hasiko da jardunaldi honetan, Zaldikoen Poule-tarako prestaketa probak ere jokatuko baitira, berez ekainaren 21ean Madrilen jokatuko diren hiru urteko zaldientzako lehen duelu handiak.

Guztira 57 odolgarbi agertzen dira parte hartzaileen lehen zerrenda honetan, nahiz eta arazo fisikoengatik dagoeneko erretiratu dituzten Tacio laugarren lasterketan eta Einar itxierakoan. Jardunaldia batere publikorik gabe 11.40an hastekoa da hipodromoan, eta osasun-neurri zorrotzak hartuko dira protagonisten arteko kontaktuak saihesteko (jockeyak, prestatzaileak, komisarioak, laguntzaileak...).

Lasterketarik galdu gabe dagoen Linda eta bi garaipen dituen Rosy Moon nabarmentzen dira lehen lasterketan, hiru urteko behoka onenentzako prestaketa proba delarik. Biak ala biak ez dira inoiz Donostian lehiatu, eta agian horretaz balia daiteke Pravia, bertan irabazi baitzuen Critérium Nacional lasterketa.

Bigarren eta hirugarren lasterketak irabazle izan ez direnentzat gorde dira; izenik aipagarrienak, etorkizun oparoa duten Somahoz eta Trovatore lirateke, eta baita eskarmentudun Navia ere.

Lototurfean, eguneko laugarrenean, Zaldiko arren Poule-rako prestaketa lasterketan, bi izen nabarmentzen dira: batetik, SalarIsland, Espainian egin zuen debutean udazkeneko Kriterium Handian onena izan zena (Frantzian hiru garaipen ere baditu), eta bestetik, Royal Dancer, jada Lasarten garaile izandakoa eta hainbat lasterketa bikain egin dituena.

Furiosok joko handia eman lezake bosgarren lasterketan, adin-taldeentzako handicap-a baita. Guillermo Arizkorreta prestatzaileak eta Václav Janácek jockey txekiarrak osatzen duten taldearentzat arratsaldea biribiltzeko aukera ederra izan daiteke. Izan ere, aurretik biak elkarrekin izango baitira aukera nabarmena duten Pravia, Trovatore, Navia eta Salar Islandekin ere.

Donostiako hipodromoak igandean, hilak 7, eta asteazkenean, hilak 10, jokatuko ditu udako hurrengo jardunaldiak, osasun agintariek baimentzen badute Madrilgo barrutia hilaren 14an berriro ireki arte.