- KAEren zuzendaritza-batzordeak kudeatzen dituen hiru ligak (KAE-1, KAE-2 eta ETE) aurrera ateratzeko lanekin jarraitzen du, eta gaur, bideokonferentzia bitartez, lehiaketa-proposamen berria aurkeztuko die klub guztiei; egitasmo berri hori datorren igandea baino lehen bozkatu beharko dute, uztailaren 11n liga guztiak abian jartzeko asmoa dutenez. Jakinarazi dizuegunez, aurreko proiektuan aurkeztutako egoitzei eutsi nahi zaie, eta estropada kopurua hamabiraino zabaldu.

Kexa nagusietako bat Bizkaiko taldeengandik etorri da; izan ere, hasierako proiektuan Bizkaian ez baitzen estropadarik aurreikusten, bakar bakarrik Pasaian, Getarian eta Castro Urdialesen. Azkenik, zuzendaritza batzordeak Getxon ere arraun egiteko proposamena onartu zuen, eta bosgarren egoitza bat izateko aukera ere aurreikusten da, Santander jomuga izanda.

KAEk proposatutako lehen aukera oso murritza iruditu zitzaien hainbat talderi. Lehiaketa proposamen hartan bederatzi estropada zehaztu ziren, eta guztiak Pasaian, Getarian eta Castro Urdialesen jokatzekoak ziren. Lehiaketa baliozkoa izateko gutxienez sei estropada jokatu behar ziren. Proposamen berriarekin, gutxieneko estropada kopuru horri eutsi egin diote, eta hiru ligek hamabi hitzordutan parte har dezaten saiatuko da KAE. Egoerarik baikorrenean lehiaketa uztailaren 11n hasiko litzateke, hasierako egitasmoan proposatutakoa baino astebete beranduago. Kluben iritzian, liga hain goiz hasiz gero arraunlariek ez omen dute trainerura egokitzeko denbora nahikorik izango, lesio arriskua ere nabarmen handituz.

KAEko zuzendaritza batzordeak egindako proposamenaren indar-guneetako bat ligak egoitzen sistemarekin jokatzea da. Jardunaldi guztiak, jende pilaketak saihesteko erraztasunak dituzten estropada-eremuetan egingo direnez, klub bakoitzak nahikoa leku izan dezake kokatzeko eta beste tripulazioekin kontakturik ez izateko. Proposatu berri den Getxoko egoitzak, eta baieztatzekotan den Santanderrekoak ere, ongi betetzen dituzte ezaugarri horiek, hainbat lekutatik ontziratzeko aukera baitago bietan, eta aparkaleku zabalak dituztelako. Eremu horiek guztiek, itsasoan izanik, egun osoan zehar hiru ligetako jardunaldiak egiteko ur kopuru egokia egongo dela bermatzen dute; horrela, uretatik irten eta sar-tzeko denbora tarte nahikoa legoke, kirolarien pilaketak ekidinez.

Klubekin bilerak egiteaz gain, zuzendaritza-batzordea administrazioekin ere lanean dabil, lehiarako baimen eta berme guztiak lortzeko asmoz. Negoziaketa horietan, egoitzak finkatuta dituzten estropada-eremuen erabilgarritasuna ere tentuz aztertzen ari dira. Pasaia, Getaria, Getxo eta Castro Urdialesko udalak lehiaketak egitearen aldeko jarrera erakutsi dute. Portuaren jarduera dela eta, Pasaiako eremua zen zalantza gehien sor-tzen zituena, baina, itxura batean, onespena emango du. Bitartean, KAEko arduradunak Santanderrekin negoziatzen ari dira bosgarren egoitza izan dadin.

Proposamenean ez da aurreikusten KAEk arraunlariei koronabirusa detektatzeko inolako testik egitea. Zuzendaritza Batzordearen ustez, urte hasieran proba horiek egiteak ez luke bermatuko estropadetan dabiltzanak aurrerago kutsatuko ez direnik, parte-hartzaileak ez bailirateke isolatuta egongo hilabete hauetan.