donostia - Aiako probalekuak eta Zestoako Iraeta auzoko pilotalekuak hartuko dituzte bihar Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa-Eusko Label Sariko bi jardunaldi.

Aian, 12.00etatik aurrera, Ugaitz Mugertzak eta Julen Alberdik, alde batetik, eta Ruben Saralegik eta Eneko Otañok, bestetik, beraien lehen garaipena bilatuko dute.

Probalekuan ere, Iñigo Eizagirre eta Xabier Peñagarikano aurrez aurre izango dira Urrezko Harrijasotze Txapelketan, eta, horrez gain, Nerea Sorondok eta Irati Astondoak indarrak neurtuko dituzte Emakumezkoen Urrezko Aizkolari Banakako Txapelketan.

Arratsaldean, 18.00etatik aurrera, Iker Vicente-Jesus Mari Mujika eta Mikel Larrañaga-Jon Rekondo lehiatuko dira Iraetan. Gainera, eszenatoki berberan, sei harrijasotzaile ahalik eta altxaldi gehien lortzen saiatuko dira Errota Harriarekin. Harri baldar honek, bola itxurakoa, 107,2 kiloko pisua du. Xabier Peñagarikano azken bi edizioetako garaipena errepikatzen saiatuko da. Mikel Lopetegi -Urra-, Inhar Urruzuno, Beñat Telleria, Jagoba Otaegi eta Jon Gisasola -Zelai V- izango dira bere arerioak. -N.G.