Donostia - Hurrengo astelehenean zabalduko da Zegama-Aizkorri Maratoiaren 19. edizioan izena emateko epea. Antolatzaileek atzo Gipuzkoako Foru Aldundian egindako aurkezpenean adierazi zutenez, lasterketa maiatzaren 24an, igandez jokatuko da, eta 2020ko Golden Trail Series-erako puntuagarria izango da,

Epe hori urtarrilaren 30ean amaituko da, eta otsailaren 21ean zozketa egingo dute proban nortzuk parte hartuko duten jakiteko. Nolanahi ere, antolakuntzak 150 dortsal gordeko ditu bere konpromisoak betetzeko, eta beste 125, aurreko edizioetan lehiatu diren eta edizio honetan ere parte hartu nahi duten atleten parte-hartzea ahalbidetzeko, bai eta azken bi edizioetako denborarik onenak erregistratu zituzten korrikalarien parte-hartzea bermatzeko ere. Gainerako 225 plazak, 500 parte-hartzaileko gehienezko kopurua bete arte, izena ematen duten guztien artean zozkatuko dira. Lasterketarako izen-ematea Rock the sport webgunearen bidez egin behar da.

Aratz mendigunean eta Aizkorriko mendilerroan barrena egingo den mendi ibilbideak Euskadiko lau tontorrik garaienak hartzen ditu - Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri -. Zegamako irteeratik (296 metroko garaieran), Otzaurte gaina (652 m) hartu eta, aipatutako mendate horretatik abiatuta, edertasun natural handiko bideetatik eta bidezidorretatik pasako gara. Ibilbide horretan, zuhaiztiak konbinatzen dira, batez ere pagadiak, harkaitz biziz betetako eremu malkartsuekin eta altuerako larreekin. Irteera-puntutik helmuga-puntura 42 kilometroko distantzia dago, eta 5.472 metroko desnibel positiboa. Proba horixe da euskal lurraldean egiten direnen artean nazioartekoena.

Beste lasterketa batzuk Kilometro bertikalaren proba Zegaman izango da maiatzaren 22an, ostiralez, 16: 00etatik aurrera.

Maiatzaren 24an berriz, VIII. Zegama-Aizkorri Junior Trail jokatuko da 10:30tan hasita. Antolatzaileak gustura agertu ziren, proba horretako parte-hartzea urtetik urtera handitzen ari delako.

Zegamako alkate Joseba Izagirrek adierazi zuen probaren oinarri diren zutabeak bere horretan jarraitzen dutela oraindik ere: probaren gakoa den boluntariotza -400 pertsona baino gehiago -; ingurune fisikoa, ibilbidearen zatirik handiena balio natural handiko Aizkorri-Aratz parke naturaletik igarotzen baita; eta ingurumenarekiko errespetua. "Ospatuko dugun maratoiak Zegamako bizilagunen, boluntarioen, kirolarien, ikusleen eta erakundeen ahalegin komunitarioa ere islatzen du. Eta horrez gain, elkartasuna, boluntariotza, altruismoa eta doakotasuna bezalako baloreak mantentzen ditu. Horiek baitira lasterketaren ezaugarriak ", adierazi zuen.

Bestalde, Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak Zegama-Aizkorri maratoian transmititzen diren balioak azpimarratu zituen, hala nola, "Estilo honetako probei aurre egiten dieten atleten sakrifizioa eta pertseberantzia". Izan ere, korrikalari batzuek zortzi ordu ere behar izaten baitituzte ibilbidea osatzeko. - N.G.